Monarkiaren aurkako protestak, iruditan

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 27a, 14:14

Espainiako errege-erreginak Nafarroan dira gaur. Taxoareko Das-Nano enpresa teknologikoa eta Zizur Txikiko Nafarroako Garun paralisiaren Elkarteko Ramon y Cajal zentroa bisitatu dituzte. ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin dute Zizur Txikian errege-erreginaren bisita bitartean.

Bi pertsona multzok egin diete harrera Zizur Txikiko Aspaceren egoitzaren inguruan Espainiako errege-erreginari. Atarian errege-erreginaren begi bistan ezarri dituzten monarkia zaleak batetik; bestetik, eta askoz urrunago, ELA eta LAB sindikatuek deitutako protesta izan da. 

Espainiako errege-erreginek Nafarroara egiten duten bisita autonomia-erkidego guztietan egiten ari diren ibilbidearen barruan kokatzen da, Espainiako gizarte osoak Covid-19ko pandemiaren aurrean egiten duen ahalegina aitortzeko eta hainbat gizarte-sektoreri jarduera berreskuratzen laguntzeko azaldu dutenez. ELA eta LAB sindikatuen ustez monarkiaren irudia zuritzeko bisitak dira.

50 pertsona inguru bildu dira monarkia Nafarroan nahi ez dutela oihukatzeko. Aranzadi argitaletxearen aurrean egin dute elkarretaratzea, Aspaceren egoitzatik urrun. Guardia Zibilak, gainera, urrundu egin ditu eta elkarretaratzea hasi baino minutu batzuk lehenago lekuz aldatu behar izan dute guztia. Ramon y Cajal zentroan monarkia ez den bestelako beharrak dituztela adierazi dute sindikatuek. 

Felipe eta Letizia 11:10 aldera iritsi dira zentrora, Carolina Darias Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroarekin batera. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak eta Juan Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak egin diete harrera instalazioetan. Bertan izan dira, baita ere, Rafael Anso Zizur Txikiko Zendeako alkatea, Luis Unzeta Zizur Txikiko Kontseiluko presidentea eta Aspaceko arduradunak.

Ordu horretan ozenagoak izan dira oihuak inguruan, bai monarkiaren aldekoenak, baita kontrakoenak ere. Monarkia zaleengana hurbiltzen saiatu gara, baina guardia zibilak ez digu utzi, "segurtasun neurriengatik". Guardia Zibilez inguratuta izan da Ramon y Cajal zentroa goizean; baita Zizur Nagusiko inguruko kaleak ere. Protesta aurretik hasi baita Zizur Nagusian. 

Birusa koroa dela salatu dute Zizur Nagusiko herritarrek. Sindikatuek deitutako protestarekin bat egin du Zizur Nagusiko herri mugimenduak. Aurretik prentsaurrekora deitu dituzte komunikabideak monarkia arbuiatzeko haien argudioak azaltzeko. 30 gazte inguru bildu dira Zizur Nagusiko plaza gorrian, hitzekin bakarrik ez, kartelekin ere azaldu dute haien iritzia.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!