Navarra Sumak eta PSNk baino ez dute babestu errege-erreginen bisita

Euskalerria Irratia 2020ko uzt. 27a, 18:42
Errege-erreginen aurkako protesta bat, Zizur Txikian.

EH Bildu, Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra eta Ahal Duguko talde parlamentarioek gaitzetsi egin dute Espainiako monarken bisita, eta “desegokitzat” jo dute krisialdi une bat erabili izana “aurpegia zuritzeko”

Nafarroako Parlamentuan ere izan dute hizpide Espainiako errege-erreginek Nafarroara egindako bisita. EH Bildu, Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra eta Ahal Dugu taldeek gaitzetsi egin dute, eta PSNk eta Navarra Sumak, berriz, defendatu.

Aurka azaldu direnek “desegokitzat” jo dute krisialdi une bat baliatu izana monarkiaren aurpegia zuritzeko propaganda ariketa bat egiteko.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek, esaterako, “eskandaluzkotzat” jo du bisita, eta esan du ustalkeria jardueren aurrean, monarkia bera dela arazoa: “Marketing eta propaganda ariketa honen aurrean esan behar dugu EH Bildurentzat ez direla Nafarroara ongi etorriak, eta jarduera ustel eta indezenteen aurrean arazoa ez dela errege bat edo beste, baizik eta monarkia bera: instituzio anakronikoa, Frankismoaren oinordekoa eta antidemokratikoa”.

Ildo beretik, Geroa Baiko Uxue Barkosek kritikatu du egiten ari diren ibilbidearekin, errege-erreginek instituzioaren une honetako “ahultasuna” estali nahi izatea: “Bilatzen dutena da informatiboki beste irudi bat ematea”. Krisiaren testuinguruan, “beste mota bateko erantzunak” eskatu ditu.

Monarken aurka goizerako zein arratsalderako antolatu dituzten protestak ere aipatu dituzte, eta haien babesa eman diete. Zehazki, Ahal Duguko Ainhoa Aznarezek eta Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simonek arratsaldeko 19:00etarako Iruñeko Gazteluko plazan deituta dagoen elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute. “Herritarrei dei egiten diegu erretetxearen ustelkeria salatzera eta aldarrikatzera errepublika dela estatu demokratikoaren forma bakarra”, adierazi du Aznarezek.

Baina dena ez dira gaitzespen hitzak izan; laudorioak ere izan dira parlamentuan. PSNko Ramon Alzorrizek “Nafarroaren eta estatuaren artean egon behar den normaltasun instituzionalaren barruan” kokatu du, eta Navarra Sumako Carlos Perez-Nievasek esan du monarkak “beti” direla “ongi etorriak” Nafarroan, eta nafarren “gehiengoak” babesten duela monarkia parlamentarioa; hortaz, kritikatu egin du lau talde parlamentariok agertu duten kontrako jarrera. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!