Dokumentalean, bizimodua aurrera ateratzeko borrokatu ziren emakume langileen historia kontatzen du. Jon Abrilek bere amatxi Micaelaren neskato bizimoduari tiraka ondu du dokumentala. Batik bat 50eko hamarkadaren hasieran joan zirenak elkarrizketatu ditu eta denak Baztan-Bidasoakoak, nahiz eta beste hainbat eskualdetakoak ere Ipar Euskal Herrian izan ziren. Hala azaltzen du emakume hauen lanaren garrantzia Jon Abrilek:
“1940 eta 1975 urteen artean emakume anitzek euren etxea utzi eta Ipar Euskal Herrira zein Frantziako bertze hainbat tokitara joan behar izan zuten neskame edo neskato lanetan aritzera. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia utzi zuten gibelean. Maiz, mendiz joan ziren, gordeka. Frankismoaren urterik gogorrenak ziren. Ipar Euskal Herriko hoteletan eta jatetxeetan aritu ziren lanean, baina baita etxe partikularretara ere, "interna" moduan. 12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik gabe, lanerako baimenik gabe, eta frantsesik jakin gabe.
Gaur egungo migrazio-prozesuetan bezala, emakumeek paper hagitz aktiboa izan zuten orduko gizartean, bertan gelditzen ziren gurasoei eta etxekoei ekonomikoki berebiziko laguntza eman baitzieten.”
“Neskatoak” Argia Multimedia kanalean ikus daiteke osorik eta doan.