Igor Legarreta: “Ekipo nagusia isolatuta egonen gara errodajea bitartean”

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 9a, 17:19

Ekainaren 1ean berrekin zioten Ilargi guztiak film luzearen filmaketari. Igor Legarreta zuzendariarekin mintzatu gara Irrintzi Plaza saioan. Datorren astean amaituko dute errodajea, Nafarroan.

Koronabirusaren krisiaren eraginez, bertan behera utzi zuten Ilargi guztiak filmaren errodajea martxoan, eta hiru hilabete pasa ondoren, lana berrartu ahal izan dute aktore eta teknikoek. Pasarte jendetsuenak eta zailenak eginak dituzte, eta orain Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroa iparraldean filma borobiltzea besterik ez zaie gelditzen. Xorroxin ur jauzian eta Leurtzako urtegian izanen dira datorren astean.

Jon Sagalárekin batera idatzi du Legarretak istorioa, eta Itziar Ituño zein Josean Bengoetxea izango dira protagonistak. Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz aktoreek ere parte hartuko dute. Ilargi guztiak bere heriotza berreskuratze aldera neskato umezurtz batek egindako bidaia baten kontakizun fantastikoa da. Emakume misteriotsu batek kendu dio heriotza, eta trukean oparirik bikainena emaen dio: hilezkortasuna bere konpainiaren truke. Euskara hutsean egin dute filma eta “nafar kolorea” eman nahi izan diote hizkuntzari.

Filma Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris&Batty Films eta Ilargia Films-ek ekoiztu dute, Noodles Production ekoiztetxe frantziarrarekin elkarlanean. EiTBren eta RTVEren babesa du proiektuak, baita ICAA, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere. Filmax etxea arduratuko da banaketaz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!