Hiru aste baino ez dira geratzen ikasturtea bukatzeko. Etxetik amaituko dute aurten ikasturtea haur eta lehen hezkuntzako irakasle eta ikasleek. Ekainetik aurrera ikastetxera itzuliko dira irakasleak ikasturte amaiera prestatzeko, baina ikasleekin telematikoki eginen dute agurra. "Ikasleak, familiak eta irakasleak nekatuta gaude", aitortu dute. D ereduko ikastetxe publikoetako zuzendaritzako kideak hori berme guztiekin posible egiteko ari dira lanean.
Hezkuntza Sailari bilera eskatu dio NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak irailean aurreikusten den itzulerari buruz hitz egiteko. "Oraingoz mahai gainean normaltasuna dugu plantillak itxita daude eta ordutegiak eta egutegiak zehaztuta ditugu", argitu dute. "Protokoloak argi izanda itzuli beharko genuke". Dena den, hezkuntza irizpideak ere kontuan hartzeko eskatu dute zuzendaritzakideek Irrintzi Plaza saioan: "Ez dugu neurri hotzik nahi".