Jon Mattin Matxain: "Ikas dezagun zein garrantzitsua den ikerketa zientifikorako instituzio sendoak izatea"

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 18a, 18:54

COVID 19 pandemiaren aurrean euskal zientzialarien ekarpen garrantzitsua aztertu du Jon Mattin Matxain kimikari eta ikerlari barañaindarrak.

Euskal zientzialarien ekarpena COVID19 pandemiaren aurrean

 

Gaur egun bizi ari garen pandemiari aurre egiteko mundu guztiaren kolaborazioa ezinbestekoa da. Horrela, zientzialari zein teknologo askoren kolaborazioa oso ezinbestekoa da gaixotasunari aurre egiteko. Euskal zientzia eta teknologia alorrean lan egiten duten zientzialari eta instituzio asko buru belarri lanean ari dira beraien ekarpen hoberenak plazaratzeko. Gaurkoan, hauen inguruan errepaso bat eginen dugu. Ekarpen asko egon dira, eta ezin denak aipatu gaur. Ez dezala inork pentsa aipatzen ez ditugun horiek garrantzitsuak ez direnik.

 

Ekarpenak alor askotan izan arren, azalpenak ulerkorragoak izateko 3 multzotan sailkatu ditugu: i) Gaixoen Prebentzio eta Tratamendua; ii) Gaixoen diagnosia eta kasu berrien detekzioa eta jarraipena; iii) Ekonomia

 

  • Gaixoen prebentzio eta tratamendua

 

  • Babes materiala eta arnas-laguntzaileak egin, 3D inpresorekin: pandemiaren hasieran material eskasia ugaria zegoen. Zaintza Intensiboan arnasgailuak behar ziren, sanitarioek material falta zuten, etab. Honen harira, hainbat injeniarien laguntza eta diseinuak erabiliz, 800 “maker” euskaldun elkarlanean aritu ziren modu altruistanarnasgailuentzat piezak sortzeko, eta ospitaletarako babes-pantailak egiteko, 3D inpresorak erabiliz. Lehen ekarpenetakoa izan zen, epe laburrean behar handia zegoelako.

 

  • Simulazioak, birusaren proteinen funtzionamendua ongi ulertzeko: ordenadore bidezko simulazioek informazio asko ematen dute, birusaren proteinen eta gure zelulen proteinen arteko elkarrekintzaz, adibidez. Informazio hau garrantzitsua da medikamenduak ala txertoak garatu ahal izateko. UPV/EHUko eta DIPCko ikertzaileek beste erakunde batzuekin kolaborazioan hau aztertzen dihardute.

 

  • Entsaio klinikoak medikamenduen egokitasuna neurtzeko: BioCruces Bizkaia Institutua eta Gurutzetako Ospitale Unibertsitarioak medikamendu batzuen entsaio kliniko internazional batean parte hartzen ari da, Europako beste herrialde batzuetako erakunderekin batera. Probatzen ari diren medikamenduek (Remdesvir) birusaren RNA erasotzen dute.

 

  • Gaixoen diagnosia eta kasuen detekzioa eta jarraipena

 

  • Diagnosian testak ditugu tresna nagusi. Test mota desberdinak daude, PCR motakoak izanik diagnostikorako garrantzitsuenak. Suministro arazoak ikusita, Euskal Herrian bi talde desberdin gai izan dira prozedura alternatiboak garatzeko. Alde batetik, UPV/EHUko, Biofisika Institutuko, Achucarro Ikerketa zentruko, Biogune eta beste euskal institutuko ikertzaileek osatutako taldeak PCR testak egiteko protokolo berria lortu zuen, kanpo suministroaren arazoa ekidituz. PCR egiteko prozedura hau erabiltzen ari da gaur egun talde hau testak egiteko, Osakidetzarekin elkarlanean. Bestalde CIMAk ere beste prozedura bat garatu zuen helburu berarekin, eta duela aste batzuk lortu zuen homologazioa PCR testak egiteko. Modu honetan, kanpoko suministroekiko menpekotasuna txikitu egin zen.

 

  • Test azkarrak deiturikoak ere garrantzitsuak dira. Neiker Institutuak ere test hauek garatu egin ditu gaixoen diagnostikoan laguntzeko, eta batez ere gaixotasuna nork pasa duen jakiteko. Etxean egindako test hauek suministro arazoari aurre egiteko modua da.

 

  • Kontaktuen jarraipena: Gaixoak diagnostikatzeko PCR testak garrantzitsuak diren moduan, gaixoen kontaktuen jarraipena ere oso garrantzitsua da hauetako baten bat gaixotu den ala ez jakiteko. Baina kontaktuen identifikazioa zaila da, ezin bait dugu gogoratu egunean zehar gurutzatu garen persona guztiak. Gaixoen kontaktuen jarraipena egiteko, TECNALIAk mugikorrentzat aplikazioa garatu du. Aplikazio honekin kontaktuen jarraipen egokiagoa egitea posible litzateke, beti ere anonimatoa bermatuz. Hori da hain zuzen ere aplikazio hauen erronka nagusia. Aplikazio hau testatzen ari dira oraindik, ea benetan emaitza onak ematen dituen eta erabil daitekeen.

 

  • Ekonomia:

 

  • Euskal Herriko zein kanpoko unibertsitate, ikerketa zentru eta akademia eremuan ikertzen eta irakasten diharduen talde zabalek bultzatutako ekimena. Basque Center for Climate Change Ikerketa Zentrutik bultzatuta, Cambridge Unibertsitateko ikertzaileak, eta abar: “Gure lurraldearen etorkizun sozio-ekologikoarekin konprometituta, testuinguru globala kontuan hartuz. COVID19arekin nabarmendu den krisi sakonaren baitan prozezu bat abian jarri dute, eragile eta jendartearekin eztabaida estrategiko eta anitza sustatzen jarraitzeko helburuarekin. Prozesu honen bitartez, ekonomia ekologikoan oinarritutako trantsizio alternatiba eta proposamen zehatzak jorratu nahi dituzte, etorkizuneko erronkei begira erantzun iraunkor eta bidezkoak eraikitzeko”.

 

Ikusten denez, arlo askotan ekarpenak egon dira, Ekarpen hauetako batzuk proposamenak dira, beste batzuk probatzen ari dira oraindik, baina garbi dago ekarpen hauek pandemiari aurre egiteko sekulako laguntza izaten ari direla. Eta hau guztia egin izan da aurrekontuen murrizketa handiak izan arren, ikertzaile askoren egoera laborala negargarria izan arren, eta oinarrizko ikerketarekiko gobernuen mezprezua handia izan arren. Ikas dezagun gerora begira, osasungintza publiko sendoa izateaz gain, zein garrantzitsua den ikerketa zientifikorako instituzio sendoak izatea. Ez bakarrik zientzia aplikatua egiteko, baizik eta alor guztietako oinarrizko zientzia egiteko ere bai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!