Iruñerriko Mankomunitateak bihar zabalduko du aurrez aurreko arreta zerbitzua

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 12a, 11:32

Mankomunitatearen egoitza fisikoa. (Argazkia: Iruñerriko Mankomunitatea)

Gomendatu dute kontsultak Internet eta telefono bitartez egiten jarraitzea.

Bihar, asteazkena, konfinamendua arintzeko plana dela-eta, Iruñerriko Mankomunitateak berriro zabalduko du herritarrei aurrez aurreko arreta emateko zerbitzua (Navas de Tolosa kalea, 29, behealdea), astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era. 

Bulego hori martxoaren 14an itxi egin zuten, koronabirusa kutsatzeko arriskuaren aurrean prebentzio neurri gisa. Hala ere, aurrez aurreko arreta zerbitzua izateko, aurretiko hitzordua eskatu beharko da, 948 423242 telefono zenbakira deituta adierazitako ordutegi horretan.

Edonola ere, jarraitzen dute herritarrei gomendatzen kontsultak zerbitzu telematikoaren bidez egiteko, egoitza elektronikoan, edota telefono bidezko zerbitzuaren bitartez: 948 423242. Horrenbestez, aurrez aurreko zerbitzua aukera gehigarri moduan ezarri da arreta telematikoa erabili ezin den kasuetarako.

Gomendatzen zaie herritarren arretarako aurrez aurreko zerbitzura joan behar duten pertsona guztiei maskara jantzita joateko, ahal den guztietan bakarrik sartzeko eta bulegoaren barnean distantzia mantentzeko. Sarreran pertsona bat egongo da, segurtasun neurrien inguruko oharren berri emateko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!