“Gizakiok plagizidekin sortzen dizkiegun kalteak dira erleentzako larrientzat”

Euskalerria Irratia 2020ko api. 23a, 18:31

Martxel Aizpurua Agirre biologo, hiztegigile eta erlezainak “Erleekin solasean” liburua argitaratu berri du UEUrekin. Aizpurua aitzindaria izan zen biologia euskaraz lantzen. UEUko Natur Zientziak saileko sortzaile eta dinamizatzaile nagusietako bat izan zen.

Mila modu daude erleen mundua azaltzeko, liburu honetan modu imajinarioa aukeratu da. Mundu hori ezagutzen ez duen kazetari batek erlauntzera bisitak egiten ditu eta hango erleekin solas eginez haien bizimoduaz jabetzen doa. Erleek esandakoa nahikoa ez, eta elkarrizketatzen ditu bi landare ere eta, azkenik, baita erlezaina bera ere.

Jakitunaren eta ezjakinaren arteko elkarrizketa bidez gaia azaltzea ez da gauza arraroa eta berria. Gure literaturan ezagunak dira Juan Antonio Mogelen Peru Abarkan Peru eta Maisu Juanen etengabeko elkarrizketa edo Jean Pierre Duvoisinen Laborantzako Liburuan aita eta semearen artekoa. Estilo horrek arintzen du agian, irakurketa, etenaldiak maiz eginez.

Liburu honetan kazetaria da ezjakina eta erleak, landareak eta erlezaina informazio-emaileak. Kazetaria Argia-Presseko langile gisa agertzen da; izan ere, erle-bisitak idazten duela 30 urte inguru hasi zen M. Aizpurua ARGIA astekarian, hiru besterik ez, orduan. Bisita berritu haiez gain, beste hamabi bisita gehiago dakartza egileak oraingoan.

Liburu hau irakasle baten eskuetan imajinatuz, erraz irudika daiteke eskolako gelan ikasleei rol desberdinak ematen eta elkarren arteko solasaren bidez erleen munduari buruzko informazioa jasotzen, modu dibertigarrian betiere.

Bisita horiek fikziozkoak diren neurrian, irakurlea zalantzan gera daiteke zer ote den egia eta zer imajinarioa. Hori argitze aldera, liburuaren bukaeran glosario zabal batek osatzen du gaia.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!