Aurreko astean, Antsoaingo Udalarekin batzartu zen haur eskola euskalduna aldarrikatzen ari den Antsoingo guraso taldea. "Itxaropentsu irten ginen bilkuratik", adierazi dute. Udalak ez du "momentuz" euskarazko lerroa abian jartzeko planik; baina lantzen ari den zirriborroa aurkeztu zion guraso taldeari. Plana hurrengo asteetan ixten ahaleginduko dela adierazi zien udalak.
Aurrematrikulazio epea astelehenean hasiko da, ordurako ez du plana ixteko denborarik izanen; beraz, 2020/2021 ikasturtean ez da euskarazko eredurik izango Antsoainen. "Gure itxaropena, 2021/2022 ikasturtean kokatzen da". Udalaren hitzak behin entzunda, uste dute posible izango dela.
Bitartean, aurten, Antsoaingo gurasoak seme-alabak Iruñeko eta Iruñerriko haur eskola euskaldunetan aurrematrikulatzera animatu dituzte bizilagunak. " Horietan onartuko balituzte -zaila izango da, batez ere Iruñeko Udalarenak direnetan-, eta gain kosterik suposatuko balu, Antsoaingo Udalarekin konponbidea topatzen saiatuko gara". Egoera horiek ere aztertuko zituela esan zien udalak batzarrean.