Gotzon Aurrekoetxea hizkuntzalariak eta Jose Luis Ormaetxea, 'Txipi', irakasleak idatzitako 'Euskalkien sailkapen berria' izeneko liburua aurkeztu dute gaur Zaldiko Maldiko elkartean.
Liburu horretan hiru euskalki bereizi dituzte egileek: mendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa, eta Aurrekoetxeak dioen moduan, metodologia modernoaz baliatu dira sailkapen hori egiteko.
Orain arte, metodologia tradizionala erabili izan da euskalkien sailkapena egiteko, baina oraingoan, esan bezala, metodologia eta prozedura berriak aplikatuz ikertu eta sailkatu dituzte. Horrela, lagin bat egiteko, Euskararen Herri Hizkeren Atlasean bildutako informazioa erabili dute, izan ere, gramatika eta lexikoa barne hartzen ditu. Horretaz gain, 145 herritako informazioa bildu da, beraz, bariazio dialektala ikusteko aukera handiagoa egon da. Azkenean, 100.000 itemeko datu-basea osatu dute.
Horretan oinarrituz, lehen aipatutako hiru euskalkiak bereizi dituzte: mendebaldekoa, Bizkaia osoa eta Gipuzkoako mendebaldeko lurrak barne hartzen dituena; erdialdekoa, Gipuzkoako eta Nafarroako lurrak barne hartzen dituena, eta ekialdekoa, Iparralde osoa barne hartzen duena.