Ingurumen Heziketarako Zerbitzuak, Biarritzeko Malandain Ballet taldeak eta Donostiako Cristina Enea Fundazioak artea eta ingurumena uztartzen dituen programa bat jarri dute martxan bigarren urtez 2019-2020 ikasturterako, Sirénes izeneko ballet obra koreografiko bat oinarri hartuta. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak finantzatzen du proiektua.
Itsas Laminak – Sirenas – Sirènesen helburua hau da: ingurumen-alorreko mezu erakargarri bat zabaltzea, metodologia eta baliabide berritzaileak erabiliz, heziketa-programen irakaskuntza aberasteko eta ikasleen artean dantza eta sorkuntza artistikoarekiko zaletasuna sustatzeko. Gai hauek lantzen ditu batez ere: itsaso eta ibaietako hondakin plastikoen arazoa eta gure kontsumo-ohiturekin duen lotura.
Iruñea, Donostia eta Biarritzeko Bigarren hezkuntzako 12 eta 15 urte bitarteko ikasleei dago zuzendua. Ingurumenari eta kutsaduraren arriskuei buruz zenbait informazio jasoko dute ikasleek, eta ingurumen-arazoak konpontzeko konponbideak proposatuko dira. Ibilbide pedagogiko baten barruan egingo dute hori guztia: dantza-eskolak, balet-ikuskizunak eta ingurumen-hezitzaileek diseinatutako unitate didaktiko baten garapena.
2019/20 Kurtso honetan zehar Iturrama BHI, Jesuitinas eta Iparralde BHIko 1.DBHko ikasleak parte hartzen ari dira.