1981ean sortu zen Xorroxin Irratia. Geroztik, sei esatari eta idazkari bat ari dira Baztan-Bidasoa inguruko herritarrentzako euskaraz lanean. Lesakako estudioan aritzen da Julen Zelaieta. Desagertutako orri baten kronika pasa digu gaur.
Irati Irratian bakarrik aritzen da, berriz, Eneko Villegas. Auñamendi eskualdeko irratia 1993an sortu zuten; eta, egun, Aezkoa, Erroibar, Luzaide, Auritz, Aritzaber eta Agoitzen entzuten da. Irrati txikia da Aribekoa, eta Enekok aitortu duenez, beroa ere bai. Udako egun beroei nola aurre egiten dien azaldu digu.
Maiatzean 29 urte eginen ditu Aralar irratia martxan jarri zutela. Irailean iritsi zen Martin Juanena bertara, eta geroztik bera da Araitz, Larraun, Betelu eta Lekunberriko albisteei ahotsa jartzen diena. Irratiaren bitartez, esatari eta entzuleen artean sortzen den harremana nabarmendu du bereziki Martinek.
Leitzarren artean ezinegona sortu zuen Karrape irratia sortuko zutela iragartzen zuen kartelak. 1996an jarri zuten martxan Leitzako plazako hedabidea, eta duela 20 urte hasi zen bertan lanean Unai Zabaleta. Euskalerria irratian ere maiz izan da, eta saio txororen bat ere egin izan duela gogoratu da.
Zazpi bailara hartzen ditu, berriz, Esan Erran irratiak: Odieta, Ultzama, Atetz, Imotz, Basaburua, Lantz eta Anue. Duela 22 urte sortu zen irratia; eta, egun, bertakoak ez diren Itziar Perez altsasuarra eta Garazi Zabaleta leitzarra ari dira bertan lanean. Telefonoarekin dituzten komeriak azaldu dizkigu Itziarrek.
Donibane Garazin sortu zen 1982an Irulegiko irratia. Nafarroa Beherea osoarako eta Lapurdiko zati baterako aritzen dira egunero tokiko informazioa hedatzen sei langile. Pantxika Arrambide da horietako bat. Tokiko irratia egiten jarraitzeko eta hutsuneei aurre egiteko, duela bi urte Amikuzeko irratia sortu zutela kontatu digu.