Zer kultura kontsumitu nahi dugu euskaldunok?

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 29a, 19:46

"Hari izpia hartzen. Euskal kulturaren erronkak Nafarroan" jardunaldiak ospatu ziren hilaren 24an Kondestablearen jauregian, Euskara Teknikarien Sareak, Elkar Fundazioak eta Karrikirik antolatuta. Euskal kulturaren kontsumo urriaren arrazoiak eta hori aldatzeko proposamenak izan ziren aditzeko pasarada izan genituenak.  

Kondestablearen jauregian bildutako ia 100 pertsonak Nafarroan euskal kulturak dituen erronkak aztertu zituzten goiz osoan zehar. Landu beharreko hiru ardatz nabarmendu zituzten: gazteak, hedabideak eta hezkuntza. Kulturaren transmisioaz ere mintzatu ziren, eta euskal kultura artikulatzeko beharra nabarmendu zuten.

 

Josu Amezaga EHUko irakasleak euskarazko kulturaren kontsumoa ulertzeko garrantzitsuak diren datuak eta analisiak eskaini zituen. Izan ere, errealitatea ulertzea da lehendabiziko urratsa bera aldatu ahal izateko.

 Euskal Herrian, hizkuntza eta kulturi dagokionez, une kritiko batean gaudela dio Amezagak. Izan ere, ezagutzan lorpen handiak egin arren, erabileran hutsuneak daudela pentsatzen du. Horiek horrela, euskaldun batzuk gero eta gehiago kontsumitzen dute euskaraz; baina euskaraz kontsumitzen duten euskaldunen kopurua ez da maila berean igo. Euskal komunitatea trinkotu egin da, baina ez zabaldu. Beraz, komunitatea handitu behar dela dio Amezagak. Eta, alde horretatik komunitateko erdigune trinko horri begira bakarrik sortzen dugu kultura; baina badago bestelako publiko bat trinkotasun horretatik at. Hor dago publiko berriak eskuratzeko gakoa, bere esanetan. Amezagaren iritziz kultur plan sendoa behar da, oraindik euskaraz gutxi edo batere sozializatu gabe daudenak —eta egongo direnak— euskarazko kontsumora erakartzeko.

Azken urteotan euskararen erabileraren auzia ezagutzarekiko kezkatik erabilerarekiko kezkara pasatu da. Eta bereziki haur eta gazteengan jarria dugu begirada: euskaraz badakite, baina, ez dute erabiltzen. Eta pausatu ohi den galdera honakoa da: zergatik ez dute hitz egiten gazteek euskaraz? Kontua da, beharbada emaitza interesgarriagoak aurki daitezkeela galdera beste zentzuan pausatuz, hots: zergatik hitz egiten dute gazteek euskaraz? Zein da euskarak gazteei egiten dien ekarpena? Nora irits daitezke euskararen bidez? Norengana? Nor izan daitezke euskaraz?

 

Bere aldetik Miren Artetxe bertsolaria eta EHUko irakasleak Iparraldeko bertso eskolako gazteekin eginiko ikerketa baten emaitza eskaini zuen. Lanari heltzerakoan berak egin zuen galdera ez zen izan zergatik gazteek ez duten gehiago euskaraz hitz egiten, baizik eta zergatik bertso eskolako gazte hauek egiten duten euskaraz.

Berak hala azaldu zuen: "Bertso-eskoletan, bertsotan aritzeko biltzen dira gazteak, besteak beste. Baina, jarduera honen aitzakian, eta elkarrekiko identifikazioaren bidez, gazteek haien gazte- eta hizkuntza-identitateak ere garatzen dituzte bertan. Euskararen erabileraren, gazte identitatearen eta bertsolaritzaren artean dagoen elkarreragina ezagutzea da nire ikerketaren helburua."

Hitzaldi interesgarri hauetaz gain,gogoeta gidatu bat egin zen bertan zeuden parte hartzaile guztiekin, Jon Abril Elhuyarreko zuzendariak gidatua. 

 

Bukatzeko Euskal Herriko hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen, Elhuyar taldeko Eneritz Rekarteren gidaritzapean.  Partaideak Aitor Elexpuru (Berako Kultur Batzordea), Xabier Gantzarain (Azpeitiko Kultur Mahaia) eta Gartzen Garaio (Aiaraldea Ekintzen Faktoria) izan ziren.

 

Berako Kultur Batzordea

Kultura Batzordearen helburuetako bat da herri-mugimendu guztia batzea. Bertan daude ordezkaturik herriko kultura-talde guztiak, ikastetxeak eta euskaltegia. Politikoei dagokienez, udaleko talde politiko bakoitzetik ordezkari bana joaten da, eta horietako bat da batzordeburua. Erakundeetatik nahi hainbertze pertsona joandaiteke batzordera. Gainerako herritarrek ere parte har dezakete.

 

Berako Kultu Batzordean herritarren parte-hartzea da ardatz nagusia. Beraz, plangintza diseinatzekoan herriko taldeen zein artisten sormenak du lehentasuna kontsumo-kulturaren gainetik, hau da, herritarrak aktiboak izatea bilatzen da, zuzenean parte-har dezaten, ikusle edo entzule soilak izatetik harago, eta eskaintza hori ikuskariekin orekatzen da.

 

 

Azpeitiko Kultur Mahaia

2006an sortu zen Azpeitiko Kul­tur Mahaia. Herriko kultur talde guztiek, udal talde guztiek, udal eta Kultur Mahaiko kultur teknikariek, norba­nako batzuek eta mahaiaren beraren Kulturaz Kooperatibako elkarteko langileek osatzen dute. Kultur Mahaiak Kulturzale kultur el­kartea sortu zuen 2009ko martxoan, tresna juridikoa izate­ko diru laguntza publikoak eskatzeko, kontratazioetarako eta abar. Operatiboagoa izateko, Kultur Mahaiak Talde Eragilea du eta babes soziala ere izateko, baz­kideak ditu, Kulturzale elkarte juridikokoak. Kultur Mahaiak kudeatzen ditu Azpeitiko bi kultur eraikin handienak: Sanagustinkulturgunea eta Soreasu antzokia, Kulturaz Kooperatiba elkartearen bidez.

 

Kultur Mahaiak kudeatzen duen beste gune bat Dinamo sormen gunea da. Soreasu eraikinean kokatu da, eremuka antolatuta: arte eszenikoak, hitza, irudia eta soinua. Dinamoaren xedea da sormena sustatzea eta babestea, sortzaileen komunitatea indartuz, formazioa eta lanerako tokia eskainiz, diziplinen arteko nahasketa eta elkarlana sustatuz eta transmisioa bultzatuz. 

 

Aiaraldea Ekintzen Faktoria

Aiaraldea Ekintzen Faktoria, eskualdeko euskararen komunitatea ahaldundu eta boteretzeko ekosistema oso bat osatzeko langintzan ari dira. Horiek horrela, norbanakoen zein kolektibitateen bizitzako esparru guztietan euskaraz egituratuko diren alternatibak sortu eta indartzera bideratu da proiektua. Ekonomiaren, hezkuntzaren, elikaduraren, kulturaren, identitate komunitarioaren, feminismoaren eta, nola ez, komunikazioaren esparruan euskaldunei euskaraz eta balio eraldatzaileen arabera bizitzeko aukera eskainiko dieten proiektuakegituratzeko apustua egin du.

 

Gogoeta horren oinarrian dagoena da, euskarari, kultur eta identitatearen esparrutik harago, eraldaketa balio bat emateko premia; hizkuntzak bizitza eta jendarte eredu berri bat ekarri behar duela gure artera. Zentzu horretan bazterrekoak diren borroka esparru periferikoak erdigunera ekarri nahi dira horiek indartuz, eta hizkuntza bihurtu horiek guztiak lotzeko eta kohesionatzeko haria.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!