Zinemako emakume heroiak, Iturrama eta Sanduzelaiko civivoxetan

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 6a, 18:10

Zinemako heroiak zikloa abian da berriro. Maria Castejonek programatzen ditu filmak, eta horien berri eman du Irrintzi Plazan.

Iruñeko Iturramako eta Sanduzelaiko civivoxek Zinemako Heroiak zine zikloa hartuko dute urtarrilaren 21era bitartean. Emakumeen unibertsora gerturatzeko ekimena da hori: “iristen zaigun zinemaren zati handi batek genero estereotipo eta rol desberdinak indartzen ditu. Ziklo honetan, filmek beste ikuspuntu batetik ikusaraziko digute zinema, elkarrizketa eta emakumeen film-unibertsoa aberasten duten beste erreferente batzuen behaketa ahalbidetzen duen ikuspuntutik”. 

Zine-forumak

  • PEQUEÑA MISS SUNSHINE ( LITTLE  MISS SUNSHINE) Azaroak 12, asteartea. 18:00. Sanduzelaiko Civivoxa Jonathan Dayton, Valerie Faris. AEB. 2006. 101’. Komedia. Road Movie. Olive Hoover neskato zoragarria eta ezberdina da. Nahiko familia bitxia dauka: aitona drogatzen da; aitak negozio ikusezinez egiten du amets; anaiak mutu egotea erabaki du; osaba, berriz, Proust idazleari buruzko aditurik handiena da Estatu Batuetan (baina berak besterik ez daki), eta ama anabasa horretatik bizirik ateratzen saiatzen da. Olive Pequeña Miss Sunshine haurrendako edertasun lehiaketan onartzen dutenean, familia guztiak Volkswagen furgoneta zaharkitua hartu eta bidaiari ekingo dio; bidaiak den-dena aldatuko du. 
  • TRES ANUNCIOS EN LAS AFUERAS (THREE BILLBORADS OUTSIDE EBBING, MISSOURI) Azaroak 18, astelehena. 18:00. Iturramako Civivoxa/ Azaroak  26, asteartea. 18:00. Sanduzelaiko Civivoxa. Martin McDonagh. Erresuma Batua. 2017. 112’. Drama, trillerra eta komedia Mildred Hayes (Frances McDormand) 50 urteko emakumea da. Alaba nerabea bortxatu eta hil dute. Bere kasa hasiko da borrokan bere herriko (Ebbing) poliziaren aurka, behar bezalako lana egiten ari ez direlakoan kasua argitzeko eta justizia egiteko. Lehendabizi, publizitate-hesiak kontratatuko ditu egoera salatzeko eta, era berean, William Willoughby polizia-burua (Woody Harrelson) poliziaren utzikeriaren erantzule nagusitzat jotzeko.
  • 80 EGUNEAN Abenduak 9, astelehena. 18:00. Iturramako Civivoxa/ Abenduak 17, asteartea. 18:00. Sanduzelaiko Civivoxa. José Mari Goenaga, Jon Garaño. Espainia. 2010. 105’. Drama. Axun, 70 urteko emakumea, alabaren senar ohia zaintzera joango da ospitalera. Bere ezusterako, ondoko gaixoa zaintzen duen emakumea Maite da, nerabezaroko lagun mina. Gaztetan zuten harreman ona oraindik bizirik dagoela sumatuko dute berehala. Elkarrekin gozatu eta dibertitzen dira, Axun, Maite lesbiana dela jabetzen den arte. Bere sentimenduak dudan jarriko ditu Axunek: zeri jarraitu, buruari edo bihotzari?
  • LO QUE EL VIENTO SE LLEVO (GONE WITH THE WIND) Abenduak 30, astelehena. 17:00. Iturramako Civivoxa (SAIO BEREZIA). Victor Fleming, George Cukor, Sam Wood. AEB. 1939. 238’. Drama. 80 urte bete dira Lo que el viento se llevó filma estreinatu zenetik. Zalantzarik gabe, inoiz egin den pelikularik garrantzitsuenetako bat da. Escarlata O`Hara heroi nabarmenetako bat da, emakumezko pertsonaia heroiko eta hausleen bidea markatu duena, eta ongi merezitako omenaldia egin nahi diogu ziklo honetan. Georgia, 1861. Hegoaldeko Tara izeneko etxe handi dotorean, Escarlata O’Hara bizi da, eskualdeko neska gazterik ederren, apetatsuen eta berekoiena. Zeharo maiteminduta dago Ashleyz. Mutilak, ordea, ezkontitza eman dio Melanie gozo eta onberari. Sezesio-gerrak eta Rhett Butler bizizale eta abenturazaleak, ordea, gure protagonistaren bizitza atsegina hautsiko dute. Horren ondorioz, neska aldatu eta zaildu eginen da.
  • 9 MOIS FERME Urtarrilak 13, astelehena. 18:00. Iturramako Civivoxa/ Urtarrilak 21, asteartea. 18:00. Sanduzelaiko Civivoxa. Albert Dupontel, Frantzia. 2013. 85’. Komedia beltza. Ariane Felder epailea oso zorrotza da. Bere lana besterik ez dauka buruan. Eguberrietako jai batean, mozkortu eta ez da ongi oroituko gau hartan egindako guztiaz. Handik hilabete gutxi batzuetara, ondorioek harritu eginen dute. Komedia beltza, arras beltza eta oso dibertigarria, hain barneraturik dauzkagun genero-estereotipoekin jokatu eta ederki zukutu dituena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!