PISA kanpo frogaren psikosia

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 9a, 19:00

"Zirkulu polarraren koadratura" liburua argitara eman zuen iaz Aitzol Lasa matematikari, irakasle eta idazleak. Bertan Finlandiako eta bertako hezkuntza sistemen arteko alderaketa egiten du.  

Zergatik diogu beldurra matematikari? Zer dela eta PISA kanpo probaren inguruan sortzen den psikosia? Zergatik finlandiarrak gu baino hobeak dira eskolan? Euskal Herriko hezkuntza sistema eta Finlandiakoa alderatu ditu bere liburuan Aitzol Lasa matematikariak. Zirkulu polarra koadratzeko hezkuntza euskaldun eleanitza giltzarria dela dio.

"Finlandiarrek PISA proban lehenbiziko postuetan egotea lortzen dute hezkuntza sistema bakarra eta kohesionatua dutelako. Oinarria da ulermenari berebiziko garrantzia ematea, eta kito, ez dago beste misteriorik. Lehen Hezkuntzako eskolari ulermen eskola esaten diote. Haiek bezalakoak izan nahi bagenu hizkuntza eredu bakarra izan beharko genuke, bateratua eta homogeneoa. Guk PISArekiko dugun katastroferik handiena da, uste dugula publiko-itunpeko eta hizkuntza ereduaren araberako hautaketa familiengan uzteak onura ekartzen diola gure sistemari, eta oso oker gaude. Aukeraketa horietako uste guztiak ideologikoak dira, eta ez dute oinarri pedagogikorik."

 

Han ikuskaritza administratiborik ez dute, hemen dugun bezala, Lasak azaltzen duen bezala: " 90eko hamarkadan krisi sakona izan zuten eta hori kentzea erabaki zuten, dirua aurrezteko asmoz. Horren ordez, ELGA Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak sortutako PISA proba hartu zuten haien lanaren autoebaluazioa egiteko tresna. PISAren emaitzetatik informazioa ateratzen dute, gero haien hobekuntza planak egiteko. Hemen, aldiz, sailkapen horretan gora egitea da helburu bakarra. Irakurketa planak dira horren adibide garbiak. PISAren arabera gure ikasleek irakurketan gabeziak dituztela esaten dugunean erne ipintzen gara eta berehala irakurketa planak jartzen dira abian. Gehienetan, gainzamak dira irakasleentzat."

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!