Iruña Taldea Euskal Kultur Elkarteak Mintxo Garaikoetxea Aranburu musikariari bere saria ematea erabaki du.
Sari honen bitartez pertsona, elkarte edo kulturaren zein kirolaren alorreko talde aipagarriak nabarmendu nahi ditu. Halaber, sariak aitortu nahi ditu Iruña Taldeak defendatzen dituen beste baloreak: askatasuna, elkartasuna, asoziazionismoa eta kulturarteko integrazioa, besteak beste.
Sari-emate ekitaldia urriaren 5ean, 12:30ean, eginen da Iruña Taldea Euskal Kultur Elkartearen egoitzan, Iruñeko San Lorentzo kalean, 10. Ondoren, 13.30ean taldeko kide eta lagunak bilduko dira Udaletxe Plazan "Euskalerrian Euskaraz" abestia kantatzeko.
Aurtengo edizioan, sariaren lehenengoan, 8 hautagai aurkeztu dira guztira, haien artean Euskalerria Irratia.
Mintxo Garaikoetxea Aranburu 14 urte zituela, Iruña Taldeko kide egin zen eta 16rekin Iruñeko Udal Txistulari Bandan sartu zen. Txistuaz gain, txirula, tronpeta eta bombardinoa ere jotzen ditu zenbait musika taldetan: Jarauta 69, Kiki Bordatxo, Manex eta Kobreak edota Sonora Sonera-n, bestek beste. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko mota guztietako ekitalditan beti laguntzeko prest egon da. Horrela erakutsi du hamaika ekimenetan parte hartuz, inguru urbilean nola nazioarte mailan ere.
Hemen irakurgai Argia aldizkarian 2015ean egindako elkarrizketa.
(Argazkia: Dani Blanco. Argia)