Goizean, EH Bilduko hautagai Aritz Aiesak bere hautagaitza erretiratzen zuela jakinarazi zuen; Aiesak berak azaldu zuenez, ahalbidetzeko independente bat izan zedila Mankomunitateko buru berria, eta ekiditeko kargua Navarra Sumako Juan Jose Etxeberriak eskura zezala.
Presidente berria hautatzeko bilkura 19:30ean zen hastekoa. Ordura arte, hainbat bilera egin zituzten. Eta azken unean, akordioa erdietsi zuten: PSNko Maite Esporrinek bigarren bozketan bere hautagaitza erretiratuko zuen. Eta bigarren bozketa horretan indar aurrerakoi guztiek eta hiru independentek David Campioni emanen zioten botoa.
Akordioa bilkuran gauzatu zelarik, erreakzioak guztiz kontrajarriak izan ziren: txaloak eta irribarreak aurrerakoien artean. Aurpegi luzeak eta isiltasuna, eskuindarren aulkietan. “Historikoa da 500 biztanleko herri bateko alkatea Mankomunitateko burua izatea”, adierazi zuen Campion presidente berriak. “Manjkounitatea eskualdearen garapenaren motor izan dadin lan eginen dut”, gaineratu zuen.
Navarra Sumako Enrique Maiak ironiaren bidetik jo zuen balorazioa egiteko tenorean: “Umorez hartu beharko dugu, akordioa azken minutuan negoziatu baitute”. EH Bilduko Joseba Asiron pozik azaldu zen: “Gu akordioetara iristeko gauza izan gara, eta Navarra Suma ez”. PSNko Maite Esporrinek haien botoaren zergatia azaldu nahi izan zuen: “Hautagaitza independentearen lan ildo nagusiekin bat egiten dugu”. Geroa Baiko Patxi Leuza ere pozik azaldu zen: “Campion hautatu izanak ederki azaltzen du eskualderaen aniztasuna”.
David Campionen alde egin zuten EH Bilduko 14 ordezkariek, PSNko 5ek, Geroa Baiko hiruek eta 5 independentek. Navarra Sumako hautagai Juan Jose Etxeberriak, aldiz, 23 boto erdietsi zituen, haren koalizioaren 22ak, eta Esteribarko independentearenak. Beste bi independente, Ezkarabartekoa eta Legardakoa, abstenitu egin ziren.