Ez da sorpresarik izan eta Alderdi Sozialistak, udaletako bozketetan egin bezala, beren burua aurkeztuko dute Iruñerriko mankomunitateko presidentziarako. 54 bozketatik soilik 7 dituzten arren eta irabazteko inolako aukerarik ez duten arren. Maite Esporrinek azaldu du, ez dagoela ados ez Navarra Sumako hautagaia den Juan Jose Echeverria-rekin ezta EH Bilduko Aritz Ayesarekin ere. Hala eta guztiz ere, bi indar hauekin ez duela inolako negoziaziorik egin aipatu du, nahiz eta biharko bozketan beren sustengua eskatu duen sozialistak. Eskuinako hautagaia kritikatzerako orduan, Iruñerriko hondakinak Tuterara eramateko proposamenari heldu dio Esporrinek. Aritz Ayesarekin aldiz, hondkainen bilketa eta kudeaketa esparru publikotik kudeatzeko proposamena kritikatu du. “Zaborra biltzeko ez da funtzionariorik behar” adierazi du Esporrinek, eredu pribatuaren alde egiten zuen bitartean.
Bozketa estua espero da bihar Iruñerriko Mankomunitateko batzarrean presidente berria hautatzeko. Navarra Sumako Juan Jose Echeverriak 23 bozken babesa du momentuz, EH Bilduko Aritz Ayesak 14 bozka propio ditu. Hemen sartzen da jokoan beste alderdietako ordezkarien papera. Geroa Baik 3 bozka ditu eta Ayesaren alde eginen dutela espero da. PSNk 7 ordezkari ditu eta beren hautagaia soilik bozkatuko dute. Independienteak 8 dira eta haiek izanen dute presidentziarako giltza. Zortzi horietatik, batek, Esteribarkoak, Navarra Sumari babes emanen diola iragarri du. Beste bik, Oltza eta Ollokoak, EH Bilduri. Honenbestez, Navarra Sumak 23 bozka ditu ziurtatuta eta EH Bilduk 19. Azken bost ordezkari independienteek izanen dute azken hitza.