Ahal Duguk espedientea ireki dio Francisco Espinosa Uharteko zinegotziari, Geroa Baiko hautetsi bati eraso egiteagatik

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 4a, 19:26

Erasoa gaitsetzi eta zinegotziaren dimisioa eskatu dute Uharteko Udaleko talde guztiek. Salatu dutenez, Geroa Baiko hautetsi Jose Antonio Beloki "atzetik" eta "gogor" bultzatu du Espinosak gaur goizean.

Ahal Dugu-ko koordinazio batzordeak kaleratze espedientea ireki dio Uharteko zinegotzi Francisco Espinosari. Aho batez hartu duen erabakiarekin, bere militantzia kautelaz eten egin dute. Uharteko udaletxean gertatu da Geroa Baiko zinegotzi Jose Antonio Belokiren aurkako erasoa, gaur goizean. Ahal Duguk "ezin justifikatuzko" erasoa dela adierazi du. Zinegotzi akta uzteko galdegin dio Espinosari, "marra onargarri guztiak gainditu" dituelako. Uharte Aldatuz udal taldeko zinegotzi bakarra da Espinosa.

Uharteko Udala osatzen duten gainontzeko taldeek (EH Bildu, Grupo Independiente Huarte, Geroa Bai eta PPN) ere Espinosaren dimisioa eskatu dute. Zinegotziaren "jarrera bortitza" eta "hitzezko erasoak" gaitzetsi dituzte. Zabaldu duten oharrean jakinarazi dutenez, "era gogorrean eta atzetik" bultzatu du Espinosak Beloqui. "Zinegotziaren mehatxu eta irainen aurrean, aguazil zerbitzuak esku hartu behar izan du Francisco Espinosak udaletxea utzi dezan". Zinegotziaren jarrera behin eta berriz errepikatzen dela diote, eta gaur gertatutakoa "icebergaren punta" baino ez dela izan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!