Txuma Flamarique musikari eta kitarra jotzaile atarrabiarraren proiektu berria da Zaratamakers. Rock and rollaz betetako diskoa kaleratu berri dute. "Eboluzioa" izena jarri diote haien lehendabiziko lan honi. Bertan kitarra dotore eta indartsuak, barnetik ateratako melodia eta Euskalerria Irratiko kolaboratzailea Iker Bengotxeak egindako hitzak. Haiekin batera Jon Uribeetxeberria bateria jotzailea eta Jabiertxo Pintor baxu jotzailea arituko dira zuzeneko emanaldietan.
Lau musikari hauek ikusi ahal izanen ditugu datorren igandean, otsailaren 4an, Atarrabiako kultur etxean iluntzeko 20:00etan. Han aurkeztuko dute On Off estudioetan Miguel Santamariarekin grabatu eta nahastu duten diskoa eta Rock CD zigiluarekin kaleratu dutena. Bengotxeak erran digunez: "Hitzei erreparatuta, sentimendu desberdinetatik pasatzen den bidaia moduko bat da diskoan entzun dezakeguna".