Berriozartik Txinara sokari tiraka

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 24a, 19:26

Berriozarko taldea Txinara joateko dirua biltzen ari da han jokatuko baita martxoan Munduko Txapelketa. Oier Aizkorberekin mintzatu gara “Kirol txiki, esfortzu handi” Mikel Nabarrok gidatutako tartean.

Honetaz gain asteburuko emaitza aipagarrienak ekarri dizkigu Mikel Nabarrok:

 

 

-Arte martzialen asteburua

 

            Alde batetik, Taekwondon Iruña Hiriko X. Txapelketa lehiatu zen eta arrakasta handiko torneo izan zen 60 talde baino gehiagok parte hartu baitzuten. Larunbatean Nafarroako Unibertsitate Kiroldegian izan zen, borrokaldi, poomsae eta estilo libreko modalitateak gozatu genituen eta nafarrek eskuratutako domina-zerrenda birpasatzen badugu Euskalerria Irratiko programazio osoa beteko genuke. Urrezko bat, lau zilarrezko eta 5 brontzezko domina soilik borrokaldi modalitatean. Hauei gehitu behar zaizkie Nafarroako Selekzioak lortutako 2. postu gizonezko junior taldekako lehiaketan eta 3.a emakumezko junior kategorian ere bai. Urrezko domina Ruben Vicentek eskuratu zuen juniorren txapelketan. Teknika modalitatean beste 6 domina irabazi genituen.

           

            Beste aldetik, Judoa ere protagonista izan zen San Fermin Txapelketa ospatu baitzen. Gainera, aldi berean Espainiako Absolutu A Kopa zenez judoka hoberenak bildu ziren. Hain zuzen ere, 160 guztira. Nafarrek bost domina eskuratu zuten. Emakumezko kategorian Idoia Utergak zilarrezkoa eta Saioa Gonzalezek eta Natalia Rodak brontzezko pare bat lortu zituzten, eta brontzezkoak ere izan ziren Unai Eginok eta Lucas Monrealek eskuratutakoak gizonezko kategorian.

 

BADMINTON

 

Neska lizartar baten izena ia ia astero errepikatzen ari gara kirol honetan: Amaia Torralba. Ekainean binakako Espainiako Txapelduna izan zen 13 Urte Azpiko kategorian eta denboraldi berrian gauza bera ari da egiten. Asteburu honetan, Amaiak irabazi du Madrilen lehiatutako banakako txapelketa 15 Urte Azpiko kategorian helduagoen kontra gainera. Benetan txalogarria lizartarrarena eta txapelketa honetan Carlos Sanz de Acedo nafarra ere hirugarren izan zen binakako modalitatean.

 

ESKRIMA

 

Orain duela aste batzuk gure tiratzaileak denboraldi berria hasi ziren eta asteburu honetan florete nafarraren lehendabiziko domina ospatu behar dugu. Bartzelonan lehiatutako Espainiako Florete Txapelketan, Eloy Gomezek brontzezkoa lortu zuen kadete kategorian. Larraina Kirol Elkartekideak soilik finalerdietan galdu zuen eta gainera puntu bakar batengatik izan zen. Gauzak horrela florete nafarraren denboraldiko lehenengo domina etxera ekarri zuen eta oso ongi kokatzen da sailkapenean, Espainiako Txapelketarako sarrerak ematen dituen postuetan, bai bere kadete kategorian bai senior eta junior kategorietako sailkapenetan.

 

 

 

AGENDA

 

Aste honetan hasiko da EMAKUMEZKO 4 t´erdiko txapelketa Uharten. Lehendabiziko aldiz emakumeek bere torneo propioa izanen dute eta bihar hasiko gara dueluetaz gozatzen. 11 pilotarik parte hartuko dute, horietariko 6 nafarrak dira, 4 gipuzkoarrak, arabar 1 eta bestea errioxarra. Aurreko fasea bihar arratsaldeko 7etan hasiko da Toki Alai pilotalekuan, asteazken eta ostiraletan zazpietan jokatuko dute eta finala abenduaren 8a izanen da. Aldi berean gizonezkoa ere jokatuko denez, jardunaldiro emakumezko partida bat eta hiru gizonezko partida izanen ditugu. Hurrengo saiorako gonbidatuko dugu neska pilotari baten bat?

 

ROLLER SKI

 

Beorburuko III. Rollerski Igoera igande honetan 11:00etan, Irrintzi Peñak antolatuta. 

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!