Errigora ekimeneko udazkeneko kanpaina abian da. Azaroaren 8ra arte kutxak eska daitezke AEKko euskaltegietan eta hainbat elkartetan, besteak beste, eta baita Internet bidez ere.
Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka goiburua du aurtengo Errigoraren kanpainak. Saskiak osatu dituzte, Nafarroako Erriberako produktuz beterik: babarrun, txitxirio, kardua eta borraja kontserba potoetan, ardoa, olioa, almendrak, piperrak, zaintzuriak … hori guztia 50 euroren truke. Erriberako 15 ekoizleri bideratuko zaie dirua eta %25 euskarari. Aurten, zenbateko hori Viana eta Lodosako ikastolei, Erriberako AEKra eta Sortzenek D eredua Nafarroa osora zabaltzeko ekimenak babestera bideratuko da.
Orain arteko kanpainetan 300.000 euro biltzea lortu dute. Erronka, urtez urte zenbateko hori handitzea da, mesedegarri baitzaie ekoizleei zein euskarari ere. Auzolanean egindako lana dela gogorarazi du Errigorako kideek.