Irakurzaleen habiak

Euskalerria Irratia 2015eko urriaren 23a

Irakurle bat, Katakrak liburudendan (Irudia: Katakrak)

Lau irakurle talde antolatu ditu Katakrakek aurtengo ikasturterako; gaur, lehenengo saioa izanen dute, La casa Roja poesia taldearen eskutik.

Ardatz banaren inguruan egituratu dituzte irakurle taldeak. Puntu komuna badute, baina: denak hilabetean behin bilduko direla, Katakraken bertan. Parte hartzeko baldintza bakarra: liburua irakurtzea joan aurretik.

La Casa Roja izeneko taldean, azken mendeko nazioarteko poesia irakurriko dute. Plathen Tres mujeres lanarekin ekinen diote jardunari, gaur, 19:30ean.

Euskarazko Irakurle Taldean nazioarteko obra entzutetsuen itzulpenak irakurriko dituzte. 30ean hasiko da, Dovlatoven Maletak obrarekin, 20:00etan.

Komikiek ere izanen dute haien txokoa, Komikiak (eta euskara) for dummies izeneko taldean. Euskara erdimailako eta oinarrizko euskara jakintza dutenei dago zuzenduta. 29an jarriko dute martxan, Isusiren Baleak ikusi ditut eleberri grafikoarekin. 20:00etan izanen da.

Ekonomia kritikoaren inguruan egituratu dute laugarren taldea. Autoformakuntza du xede. Testuak gaztelaniaz izanen badira ere, eztabaidak euskaraz izanen dira. Graeberren Zorra antropologiatik da lehen irakurgaia. 27an bilduko dira, 19:30ean.

Euren webgunean ikus daitezke aurtengo irakurgai guztiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!