Miasa-ko langileen batzarrak enpresako zuzendaritzaren azken proposamena ez onartzea eta greba mugagabeari eustea erabaki zuten atzo. Zehazki, produkzio alorreko langileak ari dira greban, ez ordea administraziokoak.
Zuzendaritzak lan baldintzak aldatzeko proposamena bertan behera uztea eta bi hilabeteko negoziazio prozesua zabaltzea proposatu dio Enpresa Batzordeari.
Haatik, batzarrean, langileek ebatzi zuten zuzendaritzarekin akordioa sinatu aurretik zenbait berme behar dituztela: proiektu industriala, negozio plana, eta ekoizpen prozesua finduz aurrezteko plan bat.
Enpresa Batzordeak bederatzi kide ditu. Hiru LABekoak dira, hiru CCOOkoak, bat ELAkoa eta bi independente. Atzo arratsaldean, LABeko eta ELAko ordezkariek prentsaurrekoa egin zuten, eta hartan jakinarazi zuten bost langilek gose grebari ekinen ziotela.
Miasak Landabenen du lantegia, eta automoziorako prezisio handiko piezak egiten ditu.