Aritz Aiesa, Iruñerriko Mankomunitateko presidente

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 10a, 09:36
Aritz Aiesa, artxiboko irudi batean.

EH Bilduko hautagaiak gehiengo sinplea lortu du, bigarren bozketan.

EH Bilduko Antsoaingo zinegotzi Aritz Aiesa da Iruñerriko Mankomunitateko presidente berria. Atzo, erakundearen batzar orokorrean, bere hautagaitzaren aldeko 26 boto lortu zituen. Lehen bozketan gehiengo osoa beharrezkoa zen (batzarkideak 54 direnez, 28 boto). Hartara, bigarren bozketa egin behar izan zuten, eta hartan gehiengo sinplea aski zenez, Aiesak presidentetza lortu zuen.

Aiesak azpimarratu du aldaketa posible izan dela “herritarren sostenguari esker”, eta bere programa diseinatzeko tenorean “aldaketaren aldeko indarrek eta zenbait herritar independentek” parte hartu dutela.

Nolanahi ere, ezin esan daiteke Mankomunitateko presidentea hautatzeko prozesua erraza izan denik. Nafarroako Gobernuan, Iruñeko Udalean eta beste hainbat udaletan ez bezala, Mankomunitatean akordiorik ez dute lotu aldaketaren aldeko indarrek.

EH Bildu, Podemos-Ahal Duguren inguruko hautagaitzekin eta Izquierda-Ezkerrarekin akordiorik adostu gabe, Geroa Baik hautagai propioa aurkeztuko zuela iragarri zuen, Itziar Gomez. Baina Mankomunitateko independenteen sostengua eskuratzeko ahaleginean porrot egin eta gero, azken unean Gomezek atzera egin zuen.

Atzoko batzarrean, Aiesa ez ezik UPNko Juan Jose Etxeberria eta PSNko Eduardo Valencia ere aurkeztu ziren hautagai, baina biok aitortu zuten modu testimonialean egiten zutela urrats hori, hautatuak izateko aukerarik gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!