Geroa Baik ez du aurkeztuko mankomunitateko presidentetzarako hautagaitzarik

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 7a, 13:11
Argazkia: Geroa Bai

Itziar Gomezek dio abstenitu eginen dela, baina ez duela ahalbidetuko presidentetza “gehiengo aurrerakoitik at” geratzea.

Geroa Baiko Iruñeko zinegotzi Itziar Gomezek Iruñerriko Mankomunitateko presidente izateko bere hautagaitza bertan behera utziko duela jakinarazi du gaur goizean, prentsaurreko batean, independenteen sostengua lortzeko ahaleginean porrot egin eta gero.

EH Bilduko Antsoaingo zinegotzi Aritz Aiesaren hautagaitzari dagokionez, Gomezek esan du ez dagoela bere programa negoziatzeko prest: “Abstenituko garela iragarri dugu argi uzteko ez garela edukien inguruko negoziazio prozesu batean sartuko, ez dugulako ikusi programa irmo, serio eta zorrotz bat”. Mankomunitateak etzi eginen du presidente berria hautatzeko batzarra.

Larunbatean, mankomunitateko kide independenteek hautagaitza propioa aurkezteko aukera aztertzen ari direla esan zioten Geroa Baiko zinegotzi iruindarrari, “eta batzarra egiteko deus gutxi delarik horrek inplizituki esan nahi zuen Geroa Baik ez duela lortuko beharrezkoa zaion sostengua”.

Gomez “harriturik” azaldu da independenteen jarrera dela kausa; izan ere, orain arte ez dutela hautagaitza propiorik aurkeztu izan, ezta oraingoa baino askoz ordezkaritza handiagoa eduki dutenean ere: “Nahiago genukeen une honetan programari eta edukiei eztabaidatzen aritzea, baina ezagutzen ez ditugun arrazoiak direla-eta, nahiago izan dute haien hautagaitza bultzatu”. Gomezen iritziz, “garrantzi gehiago ematen ari zaie siglei edukiei baino”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!