Aritz Aiesa, EH Bilduren hautagaia mankomunitateko presidentetzarako

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 2a, 14:23
Antsoaingo zinegotzi Aritz Aiesa

Geroa Baiko Itziar Gomezekin lehiatuko da.

EH Bilduk Antsoaingo zinegotzi Aritz Aiesa aurkeztuko du Iruñerriko Mankomunitateko presidentetzarako hautagai moduan. Geroa Baiko Itziar Gomezekin ariko da lehian, zinegotzi iruindarrak duela bi aste iragarri baitzuen postu hori bera nahi duela.

Aiesak prentsaurrean azaldu duenez, EH Bildu indarrik bozkatuena da eta horregatik hari dagokio lidergoa mankomunitatean aldaketa gauzatzeko tenorean, “aldaketaren aldeko indarrek Iruñeko Udalean zein Nafarroako Gobernuan erabili dituzten irizpideen arabera”. Hori horrela, Aiesarentzat “ezustekoa” izan da Itziar Gomezek hautagaitza aurkeztea.

EH Bilduk aldaketaren mahaiaren bilera eskatu du etzirako, mankomunitaterako duen programa aurkeztu zein presidentetzaren auzia aztertzeko xedearekin. EH Bilduk ez ezik mahai horretan parte hartzen dute Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak. “Edozein motatako akordioa lortzeko prest gaude”, azaldu du Aiesak.

Zinegotzi antsoaindarrak gaurko agerraldian EH Bilduren programa aurkeztu du. “Oso irekia” omen da, "aldaketaren aldeko indarrek adosterik eduki dezaten eta aldaketa mankomunitatean ere gauzatzerik izan dadin”.

Programak hiru ardatz nagusi ditu: garraioa, hondakinen tratamendua eta uraren kudeaketa. Garraioari dagokionez, EH Bilduren hautagaiak Iruñerriko garraio plan berri baten alde egin du, “garraio eraginkorra lortzeko helburuarekin egina, eta Nafarroako Gobernuaren legealdi osoko finantzaioarekin”. Hondakinen alorrean, zinegotzi antsoaindarrak dio “egun” atez ateko sistema ez direla aztertzen ari, bosgarren edukiontzia dagoeneko martxan dagoelako.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!