Lizentziaren jakinarazpen ofiziala iritsi da Euskalerria Irratira. Ez du Foruzaingoko motozale batek ekarri, zenbaitek espero zuten bezala, Yolanda Barcinak Roberto Gimenezi gobernutik at zegoela jakinarazteko erabili ei zuen bidea gogoan; ezta Mikel Strogoffek zaldiz ere, 27 urteko atzerapenarekin datorrela aintzat hartuz beste batzuek pentsa zezaketen bezala. Lizentziaren jakinarazpen ofiziala Correos-eko postari euskaldun jator batek eraman du Irrintzi dorrera, gutun ziurtatu moduan, eta irratiko kudeatzaile Sarah Ripodasek jaso du.
Orain, irratiak 15 eguneko epea du lizentzia jasotzeko beharrezkoa den dokumentazioa Nafarroako Jauregian aurkezteko. Horren ondotik, Gobernuak agindu forala plazaratuko du. Eta ordutik aurrera, Euskalerria Irratiak, behingoz, emititzeko lizentziaren jabea izanen da.
Argitzeko dago zein frekuentziatan emitituko duen, FMko 98.3-an ala 105.6an; izan ere, irrati euskalduna esleipenean bigarren geratu da, eta lehenak, Net21-k izanen du lehentasuna frekuentzia aukeratzeko. Argi dagoena, Euskalerria Irratiak azken 27 urteotan erabili duen 91.4 hori utzi beharko duela.