Aurre-matrikularen garaian nabarmena da hezkuntza merkatuaren produktua bihurtu nahi dutela. Salgai dagoen edozein produktuarekin bezala, publizitateak okertu, makurtu edo, zuzenean, engainatzen du. Aste hauetan ikastetxerik tristeenak ere aldarrikatuko du zuzentasunak eta arrakastak agintzen duena: hamaika hizkuntzetan trebatzen dituela ikasleak, emaitza ezin hobeak lortzen dituztela, gurasoekiko tratu hurbila, hipika jarduerak, tabletak hiru urtetik aurrera erabiltzen dituela edo elkartrukeak Finlandiako familiekin.
Miserietan itota garenean lagungarri izaten da mundu zabalean gertatzen dena aztertzea. Madril eta Iruñeko gobernuek eredu anglosaxoiaren lehiakortasuna buruan dutelarik, hona hemen bertako bi balorazio esanguratsuak.
Fiona Millar hezkuntzan aditua da eta goi mailako ardura instituzionalak izan ditu, adibidez, Tony Blairren gobernuetan. Emaitzen kontura dio: “Ikasleen azkeneko emaitzetan eskolaren eraginaren inguruko estimaziorik hoberena ez da %20ra iristen. Erabakigarriagoak dira gurasoen formazioa eta gaitasunak edo etxebizitzaren kokapen geografikoa”.
Neil Kinnock Brithish Councileko lehendakaria da. Aurretik, besteak beste, Alderdi Laboristaren buru edo Europako Komisioaren lehendakariordea. Esan du: “Argudio ergela da ikastetxeen artean lehia sortzen badugu emaitzak hobetuko direla. Lehia, garbi dago, babarrunak edo larruzko berokiak hobetzeko balio duela, kotxe eta telefonoen diseinurako, baina ikastetxeetara aplikatzea kirtenkeria da, inor ez delako toki beretik hasten.”
Etxera etorrita, bada zirkua egiten duena ikastetxe pribatua zerbitzu publikoa dela esanez. Publikoa eta pribatuaren artekoa gainditua omen dago. Magiaren alde liluragarria.