Elixabete Garmendia: Hanka puntetara begira

Euskalerria Irratia 2014ko abenduaren 2a

Ze demonio ote dago zoruan: areto dotore horretako historia esplikatzen duen idatzia? Ez zitzaien ba labezomorro bat azalduko hor Rajoyri eta Hollanderi? Argazkian ondo ateratzeko, bakoitzak zein puntutan jarri behar duen seinalatzen duten markei begira ote daude?

Kontua da atzoko bileran, antza, ez zutela tarterik hartu Frantzian dauden ETAko presoak Espainiako kartzeletara ekartzearen gaia aztertzeko. Tira, hori prentsaurrekoan iradokitakoa, Hollandek, ez Rajoyk. Hau, mutu, bere estilo berezien horretan. Hollandek, politika bakarra dutela kartzela kontuan eta euskal presoekin ez dutela bereizketarik egingo, Espainiarekin “gaizki ulerturik” gerta ez dadin. Hor dago kakoa.

Honenbestez, esan ez dutena imajinatzea besterik ez da geratzen. Eta hor, kromo aldaketan irudikatzen ditu batek bi Estatuetako presidenteak. Eta kromo aldaketa horretan oinean kailua bezala sentitu behar dute euskal presoen gaia. Rajoyk: ezta ukitu ere! Eta trukean lortuko du Hollandek bussinessen bat.

Hara! Anka puntetara begira erabat kontzentratuta dauden momentu horretan, ez zuten ba deskubrituko Eliseoan zoru etikoa?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!