Arratsalde on, Hilde, eta, eskerrik asko, zuen etxeko atea zabaltzeagatik.
Arratsalde on, Maialen. Zuei, etortzeagatik.
Harrera familia zarete. Magale Elkartearekin jarri zineten harremanetan horretarako. Haien berri duela gutxi izan nuen, Nafarroako Parlamentuan izan zirelako lan-saio batean. Konta egiguzu zuk, zer da Magale Elkartea?
Familia elkarte bat da, zuk esan bezala. Gure xedea harrera familiak elkartzea da, behin haur bat harreran hartzen dugularik, elkarrekin bizipenak konpartitzeko eta esperientziak partekatzeko. Gure ama-aita lana hobeki bideratzea da asmoetako bat. 2003an sortu zen Magale, talde txiki baten bidez. Hasieratik, argi izan dute, haur horiei eskaintzen zaien harrera ahalik eta hoberena izateko, elkarlana izan zitekeela bideetako bat: bizipenak konpartitzea, zure egoera berean dagoen familiak nola egiten duen, nola kudeatzen dituen zenbait egoera ezagutuz, adibidez. Une hauetan ia ehun familia gaude elkartean, gure artean egoerak kontatu eta konpartitzeko, laguntza eman eta jasotzeko, eta beste eredu batzuk ezagutzeko.
Ezagunagoak dira, agian, Saharatik, Ukrainatik edo Txernobyldik datozen haurrak hartzen dituzten harrera familiak. Baina errealitatea da Nafarroan ere badaudela haurrak harrera familia baten beharra dutenak.
Ez dira bakarrak. Haur asko daude egoera horretan, beraien familia biologikoek une horretan zaindu ezin dituztelako, izan arrazoi batengatik edo beste batengatik. Harreraren barruan zerbitzu desberdinak daude: batzuk, babesgabe geratzen direnean, gizarte zerbitzuetara bideratzen dituzte. Harrera familiak dira beste aukera bat. Aukera hori ez da asko ezagutzen; ez da errealitate horren berri eman. Nafarroako Gobernua ari da, orain, ezagutarazi dadin errealitate hori, baita Magale ere, gero eta gehiago. Nafarroan, 300 haur daude familia sarerik gabe, maitasun faltan eta beharrak ase ezinda. Gobernuak etxebizitzetan hartzen ditu: zortzi-hamar haur izaten dira. Pedagogoak, psikologoak, gizarte langileak… horiek ase ditzakete zenbait behar, baina iruditzen zait ez dela onena. Haur bat familia batean bizi da egokien. Gureak, adibidez, badauka sare bat: osaba-izebak, aitona-amonak, lehengusu-lehengusinak… Baina izan daiteke une jakin baterako edo denbora tarte baterako soilik izatea. Izan ere, gerta daiteke familia biologikoak haur bat berekin izateko ezintasuna izatea denbora tarte batean, izan droga-menpekotasunagatik, espetxean sartu dutelako… baina gero hori aldatzea, hau da, gerta liteke haurra zaintzeko moduan egotea aurrerago. Badira haurrak euren familia biologikoetara itzultzen direnak. Inoiz ezin da jakin. Gizarte zerbitzuek ez dizkiete haurrak kentzen familia biologikoei, egiten dutena da zailtasun momentuetan, zeinetan ezin dioten adingabe bati arreta eskaini, haur horri beste aukera bat eman. Xedea izaten da familia biologikoak berreskuratzen duenean haur bat beregain hartzeko moduko egoera, seme edo alaba hori itzultzea. Batzuetan, ezinezkoa izaten da.
Harrera mota asko daude arrazoi horregatik.
Bai. Nafarroan lau harrera mota daude. Larrialdietakoak dira horietako bat. Une batetik bestera haur batek behar hori izaten du, eta familiak prest egoten dira edozein unetan hartzeko. Sei hilabeterako hartzen du familia horrek haurra. Gero, gerta liteke denbora gehiago izatea eta hurrengo motara pasatzea. Aldi baterako harrera familiak dira beste mota bat: epe jakin baterako familiak dira horiek. Bi urteko gehienezko epeak izaten dira, gehienetan. Gerta daiteke gehiago luzatzea ere, baina, gutxi gorabehera, denbora tarte hori izaten da. Eta errepikatuko dut: familia biologikora itzultzea izaten da nahia. Horretarako, bi urteko epea baliagarria izaten da, familia biologiko horrekin lanketa egiteko, laguntzeko euren bizitza bideratzen. Hirugarren mota bat familia espezializatua da. Haur batzuk badira behar bereziekin, eta, horiei arreta eskaintzeko, harrera familiako gurasoetako batek 24 ordu eskaini behar dizkio haurrari. Laugarren motako familia gara gu, betirako familiak. Haur horiek aurrez aipatutako egoera guztietatik pasa dira, eta gizarte langileek ikusten dute familia biologikoa ezin dela euren kargu egin. Harrera familia izatea pentsatzen duzunean, argi pentsatu behar duzu zein motatakoa izan zaitezkeen. Izan ere, askotariko beharrak dituzten haurrak daude, eta askotariko familiak behar dira. Norberak eta norberaren familiak hausnartu eta erabaki behar dute. Eta garrantzitsua da jakinaraztea harrera haur bat hartzeko familia osatzen duten kide guztiek egon behar dutela ados: amak eta aitak (halakoa bada familia) eta gainerako seme-alaba biologikoek. Harrera haurra hartzea erabakitzen bada, familia guztiak hartuko du eta denek egon behar dute horretarako prest. Bestela huts eginen du.
“Harrera haurrek maitasunaren eta segurtasunaren beharra dute; erreferentziazko sare bat behar dute bizitzan”
Zuen kasuan, bost haur biologiko izan dituzue, eta gero etorri da harrerakoa. Nola izan da prozesua?
Oso polita. Bost haur izan ditugu. Lehenbizikoa hemezortzi hilabeterekin zendu zen. Eta nik beti pentsatzen nuen banuela maitasun gehiago eskaintzeko. Magalera sartu ginen, eta probak egin genituen. Ez genuen espero deituko gintuztenik, zazpi urte pasa ziren-eta deia jaso genuenera arte. Bederatzi urte zituen gure haur biologiko gazteenak orduan, eta gordeak genituen eskolako arropak lagunen artean banatzen hasia nintzen; ordurako, nire baitan pentsatzen nuen, gizarte zerbitzuak gurekin harremanetan jarriz gero, ezezkoa esanen niela. Baina beste zenbaitetan gertatzen den bezala, espero ez duzunean iritsi zen gurera ere deia.
Eta ez zenuen ezetz esan.
Ez, ez, ez. Hasieran, kezka sartu zitzaidan, baina aukera sortu zen, eta, familiako gainerakoekin hitz eginda, baietz esatea erabaki genuen. Erabakirik onena izan zen.
Bada desberdintasunik zure seme-alaba biologikoen eta harrerakoaren artean?
Ezta batere. Ikusi nuenean, nire maitasuna berdina izan zen. Esanen nizuke nik argi nuela. Kezka nuen senarrarekin; azken finean, nire erabakia zen, hein handi batean. Orain, esanen nuke, agian, gehien maite duen semea dela: zazpi urte pasa dira harreran hartu genuenetik, eta sinergiak sortu dira beraien artean, elkar ulertu dute; harreman berezia eta gertukoa sortu da haien artean. Erditzeak ez du diferentzia markatzen. Haurrekin bizitakoa da esperientziarik aberasgarriena.
Dei hartan haur horren inguruan kontatu zizuetena ez zen batera erraza izan…
Bi urte eta erdi zituen, eta esan ziguten arazo neurologikoak izanen zituela. Ez zuen hitz egiten, eta janaria ere edan baino ez zuen egiten, ez zekien murtxikatzen. Etxe honetan esku asko genituela eta saiatuko ginela pentsatu nuen nire baitan. Lau haur, ama-aita eta gainerakoak ere laguntzeko prest: osaba-izeba, aitona-amonak… haurra ikusi orduko, nik argi izan nuen faltan zuen bakarra maitasuna eta arreta zirela, ez besterik.
Eta hala izan da.
Bai, bai. Gurekin bizitzen hasi zen, eta esanen dizut jakintsuena txikiena dela, bera. Kontua da, zu jaio bazara eta inork ez badizu hitz egiten, nola ikasiko duzu modu horretan adierazten? Inork ez bazaitu maite, nola ikasiko duzu maitatzen? Familia bat izatea bezalakorik ez dago haur batek oinarrizko beharrak ase ditzan.
“Gure harrera haurrak esaten ikasi zuen lehen hitza ‘pasempre‘ izan zen, alegia, ea betirako familia izanen ginen”
Berarentzako dena izan zarete bide horretan, eta beste anaia-arrebentzat ere beste errealitate bat ezagutzeko aukera…
Guk asko eman diogu; txikiak guri dena. Eta gure haur biologikoentzat ere aberasgarria izan da, ikusi dutelako beste batzuk nola hezi diren, eta kontzientzia hartu dutelako eurek izandako zorteaz. Zorte hori beste haur bati ematen ari gara orain. Eskolan zirela behin, istiluren bat izan zuen beste ikaskideekin, eta berehala ohartarazi zien: “Nire anaia deituko dut lagundu nazan”. Eta hor ikusten duzu zeinen garrantzitsua den sarea izatea, babestuta eta segurtasunez bizi zaitezkeelako. Seme-alabek esaten zidaten pozgarria zela ikustea nola ari zen hazten, haiek bezala.
Anai zaharrenak orain amaitu ditu ikasketak, eta azken proiektuan egindako bideo bati Betirako izenburua jarri dio.
Oso hunkigarria izan da. Berak aukeratu du gai hau erabiltzea ikasturte amaierako lanerako. Fikziozko film laburra da. Haur batengan familia biologikoaren eta harrerakoaren artean sortzen den barne-tentsioaz mintzo da, eta filmak erakusten du ez dela bat edo bestea. Maitasuna ez da besteari kentzea. Azken batean, guk egin duguna da haur horri ingurune seguru bat eskaini. Etorkizun batean agertuko balira guraso biologikoak, gogorra izanagatik ere emozionalki, haurra ez da nirea. Haurra haurra da, eta familia bat eskaintzen ari gara, ez besterik. Filma saiatzen da kudeaketa emozional hori irudikatzen. Betirako izena jarri dio, ulertu genion lehen hitza paempre izan zelako, alegia, ¿para siempre? galdetzen ari zitzaigun, ea betirako geratuko zen gure artean. Nik uste dut herritarrak kontzientziatzeko balio dezakeela film laburrak. Azkenean, harrera familia izatea erabakitzen baduzu, ez da haurra zure jabetzakoa izateko, baina ezta biologikoak ere. Zuk izaten dituzu haurrak eta gero euren bidea egiten dute; zuk bidea egiten laguntzen diezu. Laguntza hori bera da biologikoetarako edo harrerakoetarako.
Baten batek pentsa dezake: “Ez al da zama gehigarri bat?”
Ez, guretzako ez. Haurrak izaten dituzunean, lehenak aldatzen dizu zure errealitatea. Gero, badakizu nola aldatu zaizun bizitza, eta beste haur bat mundu horretan sartzea da. Niretzat errazagoa da hiru edo lau haur haztea, bat baino. Ekonomikoki gehiago behar duzu, bai, baina haurrak euren artean ere asko hazten dira, ez duzu bakar batekin egon behar denerako. Denon artean ateratzen gara aurrera.
“Nafarroan 300 haur daude harrera familia baten zain”
Nafarroan harrera familiak behar dituzten haurrak une hauetan zenbat izan daitezke?
Asko; gehiegi. Azken datuek diote ia 300 haur daudela esperoan. Batzuk etxebizitzetan daude; nerabeak dira, eta, agian, ez dute nahi familia batera joan, baina beste askok bai.
Batzuk oso txikiak dira.
Bai, oso txikiak. Batzuk jaio eta berehala behar dute familia bat. Nire ustez, txikia baldin bada, errazagoa da, gehiago molda daiteke. Baina, handiak direnean ere, badute beharra. Bada modalitate bat astebururako familiena: etxebizitza batean bizi dira, eta erreferentziazko familia bat behar dute. Asteburuak haiekin pasatzea, planak egitea eta sare bat eskaintzea dira gakoak. Hartara, bizitza mota desberdinak ikusteko aukera ere ematen diezu, erreferentziak izan ditzaten.
Familia biologikoen artean ere arrazoi ezberdin asko daude haurrak eurekin ezin bizi ahal izateko. Zer dago horren atzean?
Dramak. Ama izan zara eta zure seme-alabengatik dena eginen zenuke. Zaila da pentsatzea nola ama batek ezin duen bere haurra zaindu. Batzuetan, drogak edo bestelako arazoak sortzen dira. Nik dena erraza izan dut, baina ez da beti horrela. Kasu asko daude. Gogorra da leporatzea nola den posible bere haurra ezin zaindu izatea. Gainera, nor naiz ni epaitzeko, jakin gabe bere errealitatea zein den? Zer eginen nuke nik bere egoeran? Batzuetan ez da haien errua; besteetan, bai. Ni ez naiz izanen inor epaituko duena.
Haurra zuen errealitatera moldatzen da, gainerako zuen seme-alaben eskola berdinera joaten da… nola da hori?
Gure kasuan, nahiko erraza izan zen, nahiko erraz jarri zigutelako baita ere. Abuztuan iritsi zen gurera, eta guk bagenituen haurrak ikastetxe batean. Haien eskola berdinera joatea zen errazena, eta posible izan zen. Baina batzuetan, ez da erraza. Hezkuntza eta gizarte zerbitzuak elkarrekin harremanetan gehiago egon beharko lirateke. Gure kasuan, ikastetxeak ez zigun arazorik jarri, baina, hala izan ez balitz, logistikoki asko zailduko litzateke gure egoera. Gure familiaren errealitatera moldatzen da, eta, horregatik, lehen esan bezala, ezinbestekoa da familia osoa ziur egotea harrera egiteaz. Gure kasuan, denok maitatu dugu asko. Harro daude eta gaude horretaz.
“Badira familiak babes handiagoa behar dutenak; ikasi egin behar duzu harrera haur horiek zaintzen”
Eskolan prozesua lantzen da?
Gurean, bai, baina kasu desberdinak daude. Badaude eskolak ez dutenak batere laguntzen; Magale, kasu horietan, egoeraren berri ematera hurbiltzen da. Ez da erraza izaten; ikasgelak beterik egoten dira, eta irakasleek ez dute lan erraza. Gure kasuan, pedagogo bat jarri zioten, eta horrek asko lagundu zion. Elkarrizketak maiz izaten genituen, eta, hasieran, ez zen erraza izan: ez zuen hitz egiten, eta dena keinuekin adierazten zuen.
Bi urte eta erdirekin iritsi zen zuenera. Esan didazu kasu batzuetan gurasoetako batek lana ere utzi behar izaten duela, haurrak behar bereziak dituelako. Badago kasu horietarako laguntzarik? Ez bakarrik ekonomikoa, baimenak ere badira?
Diru-sarrera bat bermatzen dizute, eta denok dugu laguntza, psikologoak, adibidez. Gure kasuan, gure artean moldatu gara. Baina badira familiak babes handiagoa behar dutenak; ikasi egin behar duzu harrera haur horiek zaintzen. Adibidez, zure haur biologikoari uneren batean sortzen den istiluren batengatik esan diezaiokezu: “Etxetik bidaliko zaitut”. Haur horrek badaki mehatxu hori ez dela benetan mehatxua, ez dela beteko, baina harrera haur batek ez du segurtasun hori mehatxua beteko ez dela sinesteko. Gauza horiekin prest egon behar duzu, eta formazioa behar da horretarako.
Parlamentuan izan zineten. Hotzikara sartu zitzaidan jakin nuenean erditzen ari den emakume baten haurra hartzeko deitzen dituztela larrialdietarako harrera familiak.
Bai, bai. “Eta bi orduren bueltan eramanen dizugu”, esaten dizute.
Haur guztiek dute motxila bat; harrerakoek bai, baina baita biologikoek ere.
Bai, beti.
Zuentzako zenbaterainoko motxila izan da.
Txikia. Baditu bere gauzak, baina, maitasunarekin, etxean aurrera atera gara. Handitzen denean, gerta daiteke emozioak ateratzea, edo ez. Pozik bizi da. Bada barre egiteko kontu bat ere: bera azalez beltza da, eta esaten zigun bera gu bezalakoa dela gure azalari begira. Berak gu bezalakoa izan nahi du. Integrazioa bilatzen ari da. Trauma bat da? Ez, hori errealitatea da.
Hasieratik daki harrera haurra dela?
Bai, betidanik. Berak badaki beste ama baten sabelean sortu zela, baina bere amak ezin zuela zaindu esan diogu, eta ez zuela nahi. Hori da egia. Berak badaki gurekin biziko dela betirako, eta hori berarentzako segurtasuna da. Egunen batean hori zalantzan jartzen badiozu, egun txarra izanen du.
Magale Elkartean prestatzen dituzte harrera familiak?
Bai. Test batzuk pasatzen dizkizute lehenbizi, eta gero formazioa ere bada. Guk ez dugu asko jaso, alor sozialean lan egiten dut eta badakit nola moldatu: asko irakurri dut, eskola batzuk ere jaso ditut… Baina behar izanez gero, badago. Gehiago beharko litzateke? Ba agian familia batzuk bai, beharko lukete. Garrantzitsua da familiek bidean ikasitakoa konpartitzea ere, zenbait gertaeraren aurrean zer egin daitekeen proposatzen ahal dizutelako, euren esperientziatik.
Elkarrizketa amaitzeko, aukera eman nahiko nizuke mezuren bat zabaltzeko.
Norbait elkarrizketa hau entzuten ari bada, esanen nioke pentsatzeko zenbateraino lagun dezakeen haur bat. Ikuskera horrekin, familiak pausua ematera animatuko nituzke: zer nolako harrera familia izateko prest dauden pentsatu, familiako kide guztiekin hitz egin, eta, denak ados egonda, pausua ematera.
Mezu horrekin geratuko gara, Hilde. Eskerrik asko.
Eskerrik asko zuri, Maialen.