Entzutekoak

Ana Ollo: "Euskarak presentzia nabarmenagoa du egungo sanferminetan, duela urte batzuekin alderatuz"

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 9a

Konpromiso ugari dituzten arren, erakundeetako kargu publikoek sanferminetaz gozatzeko tartea ere hartzen dute. Halaxe nabarmendu digu Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak Sanfermintza saioan

Uztailaren 8aren ondorengo egunean, German Rodriguezen kasuaz aritu gara Ollorekin. Hainbeste urte igaro ondoren, “oraindik ez dago errekonozimendu ofizialik”, eta horren hutsunea ere nabaritzen du. “Sanfermin 78 elkartekoek Madrilen bideratu nahi dute errekonozimendu hori, eta guk gure esku dagoen guztiarekin lagunduko diegu, noski”. 

Hamahiru urte zituen Ollok sanfermin lazgarriak suertatu zirenean. “Peña txikiekin sartzen ari nintzen une horretan, eta beldur ikaragarria pasatu genuen. Momentu batetik bestera, bestatik tragediara pasatu ginen”. Atzerago eginez, Errepublikaren garaiaz ere aritu gara. “Jendeak ez dakit badakien, baina txupinazoa 1931n sortu zen, errepublikar baten eskutik, Juanito Etxepare”.

Aurtengoak oso besta lasaiak izaten ari direla nabarmendu du. “Uste dut giro oso polita sortzen dela sanferminetan, eta beti badago zer hobetu, baina gehienok disfrutatu nahi dugu, kalea okupatuz bai, baina gozatuz”. Txuri-gorriz jantzita joateak “denok berdindu egiten gaituela” azpimarratu digu kontseilariak, bidenabar, eta emakumeek bestaren baitan gero eta espazio gehiago hartzen dituztela atzematea pozgarria dela gehitu du. “Txikia nintzenean emakumeek ezin zuten ezta zezen-plazara joan, eta orain bestelakoa da, hobera egin dugu zentzu horretan”. Hala ere, oraindik badago zer egin. “Ez gaude momentu hoberenean”, aipatu du Maruxak taldeak joandako egunean bizitako eraso homofoboaz hitz egiten, “eta uste dut hori salatu behar dugula, ezin dugu onartu”. 

Hizkuntzaren paisaiaz hitz egiten, adibide bat jarri du Ollok euskarak sanfermintan duen presentziaren inguruan hitz egiten: “Entzierroan, gaur egun, hasierako abestia euskaraz eta gazteleraz abesten da, eta hori aurrerapauso bat izan da bisibilizazioari dagokionez”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!