Entzutekoak

Leire Lakasta: “Itzultzen dudanean, lehen irakurketan jasotako sentsazioa euskarara eramaten saiatzen naiz”

Euskalerria Irratia 2026ko ekainaren 5a

Leire Lakastak euskarara ekarri du Annie Ernaux idazle frantziarraren Argazkiaren erabilera lana, Katakrak argitaletxearen eskutik. Intimitatea, gaixotasuna eta bikote-harremanak uztartzen dituen liburuaren itzulpen prozesuaz aritu da irratian.

Leire Lakasta itzultzaileak euskaratu du Annie Ernaux, Nobel saridunaren, “Argazkiaren erabilera” liburua. Katakrak argitaletxeak argitaratu duen lanean, Ernauxek eta Marc Mariek argazkien bidez eraikitzen dute intimitateari, gaixotasunari eta maitasunari buruzko kontakizuna.

Lakastaren ustez, liburuaren berezitasunetako bat egileek argazki beraren inguruan egiten dituzten irakurketa ezberdinak dira: “Bitxia da nola argazki beretik eta, printzipioz, bizipen berdinetik bakoitzak irakurketa eta hausnarketa ezberdina egiten duen”.

Itzulpenari dagokionez, bi erronka nagusi izan dituela azaldu du. Alde batetik, tonua eta erritmoa euskarara ekartzea. Bereziki zaila egin zaio sexuari, gaixotasunari eta intimitateari buruz hitz egiteko Ernauxek eta Mariek erabiltzen duten tonu “erdi sentsual eta aldi berean hotz edo kliniko” hori euskaraz berreraikitzea. Horrez gain, argazkien deskribapenek ere buruhausteak eman dizkiote, irudiek eurek markatzen baitute kontakizunaren atmosfera.

Lakastak aitortu du itzultzeko orduan beti helburu bera duela: jatorrizko irakurleak jasotzen duen esperientzia bera eskaintzea euskaraz. Horregatik, lehenik liburua osorik irakurtzen du, irakurle arrunt baten moduan, eta gero testua euskaratzen. “Frantsesez irakurrita jaso nuen sentsazio bera jasotzea nahi dut euskal irakurleak ere”, azaldu du.

Azkenik, poz handiz hitz egin du Ernauxen lanak euskaratzeko aukeraz. Itzultzaile baten lanak denbora luzea eskatzen duela gogorarazi du, idazlearekin eta haren unibertsoarekin bizitzen igarotzen baitira hilabeteak. Aurretik ere idazle frantziarra euskaratu zuen Idazketa labana bat da liburuarekin. Bere burua zorionekotzat jo du Annie Ernaux idazlearen obrak euskarara ekartzeko aukera izan duelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!