Entzutekoak

Aritz Romeo: “Hirietan asfalto gutxiago eta berdegune gehiago behar ditugu”

Euskalerria Irratia 2026ko ekainaren 4a

Hirigintza eredu berria: berdeguneak handitzea, asfalto eta azalera iragazgaitzak murriztea eta naturan oinarritutako irtenbideak txertatzea. Hiriak klima aldaketara egokitzeko, araudiek norabide horretan jarduteko beharra jasotzen dute. Aritz Romeo abokatuak hirien birnaturalizazioaz jardun du.

Klima aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira gure hirietan: tenperaturen igoera, bero-boladak eta muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta ohikoagoak dira. Testuinguru horretan, birnaturalizazioa hiriak klima berrira egokitzeko tresna garrantzitsu gisa agertzen da.

Aritz Romeo abokatuak azaldu duenez, birnaturalizatzea ez da zuhaitz batzuk landatzea edo berdeguneak apaintzea soilik. Hiriaren diseinua birpentsatzea da helburua: asfalto eta hormigoi gutxiago, lurzoru iragazkorragoak, itzal gehiago eta biodibertsitatea sustatuko duten espazioak sortzea. Horrek ingurumenari ez ezik, herritarren osasunari eta bizi-kalitateari ere mesede egiten dio.

Gainera, nabarmendu du birnaturalizazioa ez dela borondatezko aukera hutsa. Nafarroako, Estatuko eta Europako araudiek hirigintza-politiketan klima-aldaketara egokitzea eta naturan oinarritutako konponbideak txertatzea derrigortzen dute, berdeguneak eta zuhaitzak babestu eta handitzeko helburuarekin.

Norabide horretan Iruñean, dagoeneko, hainbat ekimen martxan jarri dira. Hala nola ikastetxeetako patioen birnaturalizazioa, ibai-inguruneen berreskurapena edo korridore berdeen sorrera. Romeo abokatua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da, eta bere kolaborazioetan erakusten du legeek eta zuzenbideak gure bizitzako arlo guztiak zipriztintzen dituztela, eguneroko gai arruntenetatik hasita.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!