Ziur aski parkeetan edo plaza zabaletan belarra zapalduta sortzen diren bidezidor informalak ikusi dituzu. Arrasto espontaneo horiei “desioaren bideak” deitzen zaie, eta hiria ulertzeko modu interesgarri bat erakusten dute: jendeak benetan nola erabili nahi duen espazioa.
Horixe izan da atal honetan Maider Moreno eta Uxue Etxeberria arkitektoek landu duten gaia. Azaldu dutenez, desio-bideak ez dira soilik erosotasunaren edo denbora aurreztearen ondorio. Dimentsio kolektibo bat dute: pertsona askok bide bera aukeratzen dutenean sortzen dira, modu espontaneoan baina logika amankomun batekin. Nolabait, herritarrek “oinarekin bozkatzen” dute.
Fenomeno horrek agerian uzten du askotan diseinu ofizialak ez datozela bat eguneroko erabilerekin. Horregatik, batzuek desobedientzia modutzat hartzen dituzte desio-bideak; beste batzuek, berriz, hirigintzaren akatsen adierazle legitimotzat. Azken finean, galdera bera planteatzen dute: nork erabakitzen du nola mugitu behar garen hirian?
Saioaren amaieran, gainera, Erorien Monumentuaren etorkizunari buruz hitz egin dute. Atzo, eraikina adieraz berritzeko lehiaketaren azken bi hautagaiak, “Harriak Hitz” eta “Itzaletik Argira”, aurkeztu zituzten. Hemendik aurrera herritarren parte-hartze fase batera igaroko diren bi proposamenak aztertu dituzte.