Entzutekoak

Etsai arkitektura: hiriak nork eta nola bizi dituen erabakitzen duen diseinu estrategia

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 21a

Pertsona bakarrarentzako bankuak, hesiak edo horma itxiko aterpeak. Askotan erabaki estetikoa balitz bezala mozorratzen dituzten hiri-diseinu baztertzaileak aztertu ditugu Maider Moreno eta Uxue Etxeberria, arkitektura ikasleekin. 

Etsai arkitektura ez da soilik estetika kontu bat. Inplizituki espazio publikoa nola erabili behar den arautzen duen tresna da. Askotan “kudeaketa” edo “segurtasuna” bezalako arrazoien atzetik aurkezten bada ere, praktikan zenbait erabilera eta, batez ere, zenbait pertsona kanporatzea dakar. Banku batean etzatea eragozten duten beso-euskarriak, leihoetako alfeizar irristakorrak edo zubipeak babesleku izatea saihesteko jarritako elementuak horren adibide dira.

Iruñea bezalako hiri txikietan ere ikus daitezke halako praktikak. Honen adibide dira Foruen plazako bankuak, autobus markesinetako diseinuak edo zenbait eraikinetako azpiko leihoak. Askotan, gainera, erabaki hauek diseinuaren edo estetikaren aitzakian justifikatzen dira.

Baina galdera nagusia da: norentzat diseinatzen dira hiriak? Etxebizitzarik ez duten pertsonak dira zuzenean kaltetuenak. Hala ere, ez dira bakarrak: mugikortasun urriko pertsonek, haurdun dauden emakumeek edo atseden hartzeko beharra duten herritar askok ere espazio publiko duin eta erosoen falta pairatzen dute.
Arkitektura eta hirigintza ez da neutrala, diseinu bakoitzaren atzean ideologia bat dago. Horregatik, espazio publikoaren izaera inklusiboa bermatzea funtsezkoa da, kaleak igarobide huts bihurtu ez daitezen. Topaketa, egonaldia eta bizitza ahalbidetzen dituzten lekuak izan daitezen.

Azken urteotan, ordea, badira kontrako norabidean doazen ekimenak ere. Iruñean autoen presentzia murrizteko neurriak, plazak eta parkeak berritzeko proiektuak edo korridore berdeak sortzeko ekimenak martxan daude hiri bizigarriago eta inklusiboago baten aldeko apustu gisa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!