Entzutekoak

Hizkuntza gutxituak, jalgi mundura!

Bidane Beloki Ezker 2026ko urtarrilaren 29a

Julen Villarreal Morenok euskara den "altxorrari" esker ezagutu ditu munduko bazterrotako hainbat hizkuntza gutxitu, eta haren eskutik, Senegalera egin dugu bidaia. Becësal liburuan Senegaleko Bedik komunitatearen istorio, kondaira eta esaerak jaso ditu hizkuntzalariak; 80 kontalariren hitzak eta 163 testu orotara.

Istorio kontalaria, hizlaria, hiztuna, hizkuntzalaria, eta hizkuntza gutxituen aktibista ere; kultura eta ondarean zaindaria, bidaiaria, kuxkuxeroa. Hamaika hitz Julen Villarreal Moreno deskribatzeko eta, hain zuzen, hamaika hitz baino askoz ere gehiago jaso ditu berak Becësal liburuan. Senegaleko Bedik komunitateak bere hizkuntza propioan kontatutako istorio, kondaira eta esaerak jaso ditu bertan. 80 kontalarik parte hartu dute liburuan eta orotara 163 testu daude.

Uharten jaio eta hazitakoa den arren, gaztetaik erakarri izan du munduak, eta batez ere, munduko hizkuntzek. "Munduan 7.000 hizkuntza hitz egiten dira gutxi gorabehera, eta hizkuntzen erdia desagertzeko arriskuan daude", azaldu du. Horietako bat da Senegaleko Bedik komunitateak hitz egiten duena. Eta hala, kasualidadez egin zuen topo Bedik herriarekin eta "lilurak" eraman zuen gehiago ikertzera eta proiektu oso bat garatzera. Lan horren emaitza ukigarriena, haurrentzako bi ipuin bedik hizkuntzan eta Becësal liburua dira.

Halere, proiektua ez da bertan amaitzen, hizkuntzaren testigu izateko, baliabide materialak izateko, eta hezkuntza indartzeko lan bat ere bada Villarrealek egindakoa.

Euskal ikasketak egin ditu Villarrealek eta "euskara izan da altxorra" berarentzat. Izan ere, hizkuntzak izan dira oro har bere bizitzaren lemazain. Senegalera eraman zuen lehendabizi, Boliviako oihanera gerora yurakare hizkuntzaraino ondoren (4.500 hitz dituen lehen hiztegia osatu du bertan), eta azkenik, Kubara. Egun, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik euskara irakasten du Habanan, eta oraingoz, horretan jarria du bere etorkizunerako burua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!