Elena Sarasolaren ekarpen artistikoa deigarria da oso, 2021. urtera arte ez baitzuen egin bere lehenengo erakusketa. Bilboko La Taller espazioan izan zen ‘Las Manis y el lío. Bollerío y activismo en Bilbao’ izenpean egon ziren lehenengoz bere argazkiak publikoki ikusgai.
Bere ibilbidea 80ko hamarkadan hasi zen. “80ko hamarkadan feminista ereduetatik harago zihoazen identitateak dibertsifikatu ziren, eta feminismoaren agenda politikoa dibertsifikatu egin zen ere, orduko auzi politiko ezberdinekin bat eginez”, azaldu du Rubiok. “Garai hartan abian zeuden borroka sozialak asanblada feministen barnean zeuden batzorde ezberdinetan sailkatzen hasi ziren”, zehaztu du ikerlariak.
Eszena horretan kokatzen da Elena Sarasolaren ekoizpen fotografikoa, 80ko hamarkadatik aurrera mugimendu feminista eta lesbianoaren mobilizazioak erretratatzen hasi zena. Sarasola 1963an Bilbon jaio zen, txikitatik zinemarekiko interesa izan zuen eta horren ondorioz, zinema ikasketak egiteko intentzioa izan bazuen ere, arazo ekonomikoak zirela medio, publizitatea ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Horrekin batera, irudiarekiko interesak bultzatuta, Irudi eta Soinuko goi mailako ikasketak jaso zituen. Argazkilaritzarekin izan zuen lehenengo kontaktua argazkigintza laborategi batean lanean hasi zenean izan zen. Baina, 1983an Bizkaiko Emakumeen Asanbladan militatzen hasi zenean ekin zion argazkigintzari maiztasun handiarekin. Ekitaldi feminista edota bollero ezberdinetan parte hartu zuenez, horien irudiak bildu zituen.
Kaleak, manifestazioak eta festak
Haren produkzio artistikoa guztiz plurala da, jardunaldi ezberdinetako, azaroaren 25eko, martxoaren 8ko eta ekainaren 28ko manifestazioetako irudiez osatua. Baina ez hori bakarrik, festa guneak eta lagunen egunerokotasunari lotutako argazkiak ere egin zituen, horien dimentsio politikoaz ohartaraziz.
Horren bitartez, haren egunerokotasunaren dimentsio bisualak zein emozionalak biltzen dituzten artxiboak dira Sarasolaren argazkiak; 80ko eta 90eko hamarkadei esleitutako narratiba alternatiboak eskaintzen dituztenak. Egun, Bilboko Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroan jasota daude Sarasolaren diapositiba, negatibo eta argazkiak.
Hala ere, Rubioren ikerketaren ardatza gorputz feminista eta espazio publikoaren arteko harremana aztertzea denez, Sarasolaren serie zehatz batean zentratu da: artistak 80ko hamarkadaren amaieran egindako argazki-seriean, zeinetan gauean egindako mobilizazio baten irudiak biltzen dituen. Taldea ilaran doa Bilboko kale ilunetan barrena, bata bestearen atzetik.
Hala, ondorioztatzen da ez zutela izan mobilizazioa egiteko baimen ofizialik, eta horrek eragin zuela formatu horretako mobilizazioa egitea. Mobilizazio eredu horrek dikotomia bat sortzen zuen desplazatzen diren gorputzen eta haien presentzia ukatzen duen lejislazioaren artean; espazio publikoak arauen bitartez erregulatzen baziren ere, kotxeen artean mugitzen ziren gorputzek hura gainditu zezaketela ikusgarri bihurtzen zutelako. Teresa del Vallek gogorarazten duenez, historikoki emakumeen presentzia kalean igarobide hutsarekin lotu da, eta helburu zehatzik gabe kalean egotea estigmatizatua izan da.
“Sarasolak erregistratutako ibilaldi hura, beraz, ibilaldi performatiboa izan zen”, ondorioztatu du Rubiok.