Yolanda Martinez, antzerkigintza feministako ikur

Bidane Beloki Ezker 2025eko azaroaren 20a

Memoria historikoan desagertzen diren subjektuak ekarri ditu gogora Jone Rubio ikerlariak. Horretarako, Bizkaiko antzerki munduan Yolanda Martinezek egindako ibilbide eta antzerki emanaldien errepasoa egin du Rubiok. "Emakume guztiek pairatu izan zuten bakardade edota isolamenduari dei egin nahi izan zion antzerkigileak", azaldu du.

Yolanda Martinez 1955 urtean jaio zen Burgosen eta 18 urterekin, 1973an alegia, bere gurasoek Bilbora bidali zuten, ikasketak egiteko. Irakite soziopolitiko handiko momentuan izan zen hori, eta hala, denbora gutxira Liga Komunista Iraultzailean militatzen hasi zen, LKI bezala ezagutu ohi den alderdi politiko Troskistan.

Txikitatik izan zuen Martinezek antzerkiarekiko interesa, eta Burgosen jada antzerki klaseak jaso zituen. Eta, antzezpenarekiko grina hori LKIren Otxarkoagako zelularen biltzar batean plazaratu zuen. Monique Wittingen El cuerpo lesbiano liburuaren pasarte batzuk errezitatu zituen bertan eta bolleren aldeko aldarri publikoa egin zuen. 
“Ekintza ezustean hartu zutenek, harridura sentimendua esperimentatu zuten, eta horren estoen ikusi zutena onetsi zuten”, azaldu du Rubiok. Horrela, beste leku batzuetan performance hori errepikatzeko eskaerak egin zizkioten. Baina, oraingoan ekintza zertxobait eraldatu zuen, eta Vangelisen musika baliatu beharrean, kasu horretan Sara Montielen Es mi hombre abestia erabili zuen.

Dena dela, mugimendu feminista sendotu ahala, Martinezek harekiko gertutasun nabariagoa izan zuen. LKIko militantzia atzean utzi eta Bizkaiko Emakumeen Asanbladarantz gerturatu zen. 1977ko Jardunaldi Feministei esker, Mariurrike antzerki taldea sortu zuten 12 emakumek eta lehenengoa eta bakarra izan zen antzezpen bat egin zuten: Osvaldo Dragunen ‘Txakur bihurtu zen gizonaren historia’ moldatu eta ‘Txakur bihurtu zen emakumearen historia’ sortu zuten.
Urteak eman zituen Martinezek oholtza aurrean zein atzean, baina bere ibilbide teatralean jazarpena eta mehatxuak jaso ondoren alde batera utzi zuen. “Urteek aurrera egin ahala, zeharkatu zuen indarkeria izendatzeko hitzak aurkitu ditu”, kontatu du Rubiok. “Horregatik da hain garrantzitsua Yolanda Martinezen testigantza, denbora luzez ezkutuan egon den arren, bere ibilbidearen parte izan delako”, gaineratu du.

Bere antzerki ibilbidera itzuli zen halere agur esateko izan bazen ere. Simone de Beauvoirren La mujer rota liburuaren adaptazio teatrala egin zuen 1988ko ekainaren 19an Bilboko Ayala antzokian. Bertan, antzerki ekoizpenean parte hartu zuten kideak bildu ziren: Dora Salazar, Elene Sustatxa, Gurene Marín, Amaia Zubiria eta Yolanda Martinez bera. Emakume guztiek pairatu izan zuten bakardade edota isolamenduari dei egin nahi izan zion antzerkigileak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!