FALTA ZITZAIGUNA

Historiak ezkutatu diguna: emakumeak ehiztari izan ziren Historiaurrean

Euskalerria Irratia 2025eko azaroaren 18a

Oier Santamaria historialaria Historiaurreko emakume ehiztarien inguruan mintzatu da ‘Falta Zitzaiguna’ sekzioaren atal berrian

Historiaurrean pentsatzen dugunean, ia berehala irudi argi bat datorkigu burura: gizonek ehizatzen dute, emakumeek biltzen dute. Zatiketa irmoa, ia naturalizatua. Baina irudi hori atzera proiektatutako mito moderno bat besterik ez balitz?

Hamarkadetan zehar, narratiba nagusiak gizonak ehiztari gisa deskribatu ditu eta emakumeak zaintza eta bilketa lanetan, berriz. Baina azkeneko urteetan garatu diren ikerketek, berrirakurketa arkeologikoek eta Perspektiba Feministak ekarritako begiradak eztabaida liluragarria zabaldu dute. Emakume ehiztariak? Ze mailan eta ze gradutan?

Baina… has gaitezen hasieratik. Nondik sortzen da gizon ehiztari eta emakume biltzaile eta zaindari hauen dikotomia hau? Salbuespenak salbuespen, XIX mendearen inguruan aurkitzen ditugu lehenbizikoz akademian, gizon, txuri, zis-heterosexualen eskutik, noski. Gure iturri arkeologikoek horrelakorik zehazten ez duten arren, haientzat izugarri logikoa izan zen garaiko logika patriarkala betidanik existitzen zela, eta beraz, gizakiaren historiaren jatorritik gizonek eta emakumeek lan desberdinetan arituko zirela, gaur egun ezagutzen ditugun rolak mantenduz.

Horrela sortzen da “Man The Hunter” izena duen mitoa, gaur egun buruan sartua duguna eta oraindik eskola, institutu, museo edota unibertsitate batzuetan errepikatzen dena, zalantza gehiegirik jarri gabe edota gutxienez existitzen den eztabaida aipatu gabe.

 

Eztabaida

Eztabaida hau, 2020an hartu zuen indarra berriro esfera publikoan eta sare sozialetan, “Female Hunter of the Early Americas” izeneko artikulu baten publikazioan. Paper honek, Wilamaya Patjxa-ko hileta aztertzen zuen, Peruko Andeetan aurkitzen dugun arrasto arkeologiko bat. Kasu honetan 17-19 urte dituen emakume baten arrastoak ikertzen dira, 9.000 mila urte baino gehiago dituztenak. Berarekin batera, ehizarako erabiltzen ziren tresnak aurkitzen ditugu. Hau da, Hego Ameriketako ehiztari aztarnategi zaharrenean, emakume ehiztari bat aurkitzen dugu! Ez da gutxi.

Normalean, heriotzaren inguruko erritualez ari garenean, haiekin lurperatutako tresna eta armek informazio izugarri baliagarria ematen digute. Besteak beste, haien estatus soziala, baina baita ere haien eguneroko bizitzaz. Troll edota ultrakontserbadore batzuk esan dezakete estatus sozial handiko emakume bat izango zela, eta ehizarako tresnak opariak izango zirela, baina gizon batean aurkituko balira, berdina esango lukete?

Teoria edo ideia honekin hurrengoa gertatu zen: Pleistozeno Berantiarreko eta Behe Holozenoko aztarnategiei buruz Ipar eta Hego Amerikan argitaratutako erregistroak aztertu zituztenean, 107 ehorzketetako 429 banako identifikatu zituzten. Horien artean, ikertzaileek aurkitu zuten 27 indibiduo, ehiza larriko edo handiko tresnekin lotuta zeudela; horietatik 11 emakume eta 15 gizon. "Lagina nahikoa izan zen bermatzeko ehiza larri goiztiarrean emakumeen parte-hartzea ziurrenik ez zela anekdota bat izan", zioten egileek. "Orain argi dago lanaren banaketa sexuala desberdina izan zela, seguruenik bidezkoagoa, gure espezieko ehiztari-biltzaileen iragan sakonean", gehitu zuen Randy Haas Kaliforniako Unibertsitateko antropologia-irakasleak, ikerketaren egile nagusia.

Gaur egungo edo azkeneko hamarkadetako ehiztari-biltzaileen gizarteak aztertzen baditugu —Hadza, Agta, Martu gizarteak, besteak beste—, gauza harrigarri (edo ez) bat ikusiko dugu: emakumeak ehizan ari dira. Filipinetako Agta taldean, adibidez, emakumeek arkua eta gezia duten ehizaldietan parte hartzen dute eta seme-alabak eramaten dituzte beraiekin. Batzuetan gutxiago, beste batzuetan gizonak baino gutxiago edo gehiago, ekosistemaren eta taldearen beharren arabera. Ikerketen arabera, historiaurrean, emakumeek ehizaren ehuneko 30a era 50a suposatuko lukete, hau da, ziur aski erditik hurbil egingo lukete.

Komunitate zientifikoa zatituta dago. Ikertzaile batzuek diote emakumeek ehizan egiten zutela, baina modu malguan izango zela, rol zorrotzik gabe. Beste batzuek diotenez, oraindik ebidentzia hori ez da nahikoa ehizaren parekotasunaz hitz egiteko. Hala ere, argi dagoena da ez dagoela emakumeek ehizatzen ez zutela frogatzen duen ebidentziarik. Askotan, besterik gabe, ez zutela egiten onartu zen.

Eta hemen da ikuspegi feminista gakoa: zalantzan jartzen du nork interpretatu zituen datuak, zein balio kulturalen azpian eta zergatik hipotesi batzuk froga sendorik gabe baliozkotzat eman ziren. Perspektiba feminista honen helburua ez da emakumeak beti ehizan aritzen zirela frogatzea, baizik eta frogek adierazten dituzten aukera anitzetarako espazioa irekitzea.

Zertara gonbidatzen gaitu ikuspegi feministak?

1. Arkeologian nagusi izan diren interpretazio androzentristekin apurtzea.

2. Emakumeen agentzia historikoa aitortzea.

3. Historiaurreko antolaketa soziala guk uste baino askotarikoagoa izan zela onartzea.

4. Onartzea jarduera produktiboak ez zirela zurrunak izan: ingurura, adinera, gaitasun indibidualetara egokitzen ziren.

Eztabaida hau ez da anekdotikoa. Eragina du iragana ulertzeko moduan… eta oraina eraikitzeko moduan. Gizon aktibo eta emakume pasiboen mitoa onartzen badugu, gaur egun

ere bizitzak eta aukerak mugatzen dituzten rolak indartzen ditugu. Baina onartzen badugu emakumeek biziraupenerako funtsezkoak diren zeregin guztietan parte hartzeko duten aniztasuna, malgutasuna eta gaitasuna… zabaltzen dugu baita ere etorkizuna irudikatzeko dugun modua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!