Duela 70 urte, 1955eko abenduaren 1ean, emakume batek uko egin zion Montgomeryko Alabamako autobus batean gizon zuri bati eserlekua uzteari. Bere keinuak arrazagatiko segregazioaren aurkako protesta ugari eragin zituen AEBn. Emakumea izateaz gainera, emakume beltza zen: Rosa Parks.
Ekintza honi esker ezagutuko dute askok, baina beltzen askatasuna eta emakumeen askatasunaren alde egindako borrokagatik da ezaguna. Orain, Parkesn bizitzaren xehetasunak euskaraz ezagutzeko aukera dugu Amaia Astobiza Uriarteri esker. ‘Rosa Parks. Nire istorioa’ liburua euskaratu du Katakrak argitaletxearekin elkarlanean.
2005ean hil zen, duela 20 urte, eta kurioski urte berean hil zen ere Jim Haskins idazlea. Dena den, 1992an, 79 urte zituela liburu hau idatzi zuen, Jim Haskinsekin batera. Biena artean idazteko hautua egin zuten: “Beltzen komunitatean memoria historikoa egiteko, eta batez ere, gazteengana iritsi nahi zuten, gazteei azaldu nahi zieten zer gertatu zen urte batzuk lehenago. Esklabotzaren ondorengo egoera zein izan zen”. Astobizaren iritziz, sinpleki eta argiki idatzita dago, lehenengo pertsona baliatuta, "liburua oso erakargarria eta irakurterraza da".
Egun hartakoa "ez zen kontu puntual bat izan”. Eta poliziak atxilotu eta epaitu zuenean, goragoko auzitegi batera eraman zuten kasua, Montgomerytik kanpokoa, “nahi zutelako aukera izan beltzen komunitateari arrazoia emateko eta beraz, aurrekari bat ezartzeko etorkizunean izan zitezkeen beste epaiketa batzuetarako”, azaldu du itzultzaileak.
Auziak administrazioko bidea egin bitartean, autobusen kontrako boikota antolatu zuten eta urte beteren buruan, auzitegietatik etorritako epaia izan zen bertan behera geratzen zela autobusen segregazioa, “erabateko garaipena izan zen”.
Asteazkenean, arratsaldeko 19:30ean aurkeztuko du Astobizak Rosa Parks. Nire istorioa liburua Karrikirin. Hedoi Etxarte editorearekin batera egingo du aurkezpena.