Adimen Artifizialaren presentzia geroz eta nabariagoa den honetan, egunerokoa errazteko tresna bat aurkeztu du Elhuyarrek: Aditu plataforma. Adituk orain arte ahotsaren teknologiak integratuta zituen plataforma bat bazen ere, gaur egun dagoeneko bikoizketa automatikoak egiteko aukera ematen du.
Elhuyarreko hizkuntza eta teknologia unitateko koordinatzailea da Itziar Cortes: "Desberdintasuna da, orain arte audio eta bideoak transkribatu eta horiek itzultzeko aukera ematen zuela, baina ez zigun aukerarik ematen idatzitako hori entzuteko. Eta momentu honetan ahots automatikoen bidez hori entzuteko aukera ematen digu Aditu plataformak".
Bikoizketak sei hizkuntzatan egin daitezke: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, galegoa eta katalana. Klik bat besterik ez da beharrezkoa transkribapenak eta azpitituluak sortzeko, hauek hizkuntzaz itzultzeko, eta berriz ere, ahotsa jartzeko.
Ahotsak imitatzeko aukera berria zabaldu du Adituk, era naturalean, eta eskatutako estiloan. "Egia da lehen ahots hauek robotikoak izan zitezkeela, baina gaur egun naturaltasun handia dute. Ondo pentsatu behar da non erabiliko den, dramatismo handirik gabeko ikus-entzunezkoetan funtzionatzen baitu ondoen", azaldu du Cortesek.
Elhuyar kalitatea, abiadura, erraztasuna eta segurtasuna, azpimarratu ditu Cortesek. "Erabiltzaileen datuak tentuz erabiltzen ditugu", nabarmendu du Elhuyarrek. Cortesek azaldu bezala, "ez ditugu erabiltzaileen datuak erabiltzen, bestelako adimen artifizialak entrenatzeko. Datuak erabiltzaileenak dira, guk bakarrik zerbitzua emateko erabiltzen ditugu".