XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, Nafarroan sortutako zenbait elkartek, hala nola Euskara Elkargoak, Euskal Esnaleak eta Euskararen Adiskideak izandako xede nagusienetako bat Euskara Hezkuntza sisteman sartzea izan zen. Hainbat saiakerak huts egin ondotik, azkenean 1922an Foru Diputazioak bi katedra sortu zituen, bata Maisu-maistren Eskola eta Instituturako, bertzea Seminariorako. Azken honen ezaugarriak eta ibilbidea aipatuko ditu batik bat Andres Iñigo euskaltzain emerituak lehenengo mintzaldian.
Ondoren, Enrike Diez de Ultzurrun IKFren lehendakariak Euskeraren Adiskideak taldearen nondik norakoak azalduko ditu. Euskeraren Adiskideak elkarte euskaltzalea 1925ean sortu zen, Iruñean; XIX. mendeko Nafarroako Euskara Elkargoaren oinordekoa izan zen. Euskeraren Adiskideak elkarteak ordezkaritzak izan zituen Nafarroako herri askotan eta euskara eta euskal ohiturak sustatzea zuen helburu, kideen ideia politikoak kontuan izan gabe. Hauek izan ziren elkartearen sortzaileak: Jenaro Larratxe, Gerardo Valcarlos, Damaso Intza, Miguel Esparza, Miguel Intxaurrondo, José María de Huarte eta Domingo Beuntza.
Elkarteak euskararen aldeko hainbat ekitaldi antolatu zituen, hala nola lehiaketak, euskal jaiak (Baztanen, Aezkoan, Ultzaman, Auritzen, Orotz-Betelun, Zaraitzun) edo bestelako ekitaldiak. Iruñean, adibidez, 1930ean lehenengo Euskararen Eguna ospatu zen. 1931an, berriz, elkarteak hiriko lehen euskal eskola sortu zuen (Karlos III.a kalean), Gerra Zibila hasi arte iraun zuena. Lehenengo ikasturtean 30 haur bildu zituen, eta hiru maistrak hartu zuten parte ekimenean: Catalina Alastueyk, Julia Zabaletak eta Maria Viscarrerek. Espazio hori txiki geratu zen laster, eta ikastetxea Eskolapioen eraikinera aldatu zen. Bertan, 150 ikasle baino gehiago izan ziren.