Fernan Mendiola: “Erorien Monumentua museo memorial bihurtzeak memoria antifaxista bat garatzeko balio du”

Bidane Beloki Ezker 2025eko urriaren 22a

Iruñeko Udalak eskatuta, eraikinaren eraldaketari buruzko txosten bat egin dute nazioarteko eta bertako hamalau adituk; Fernan Mendiola izan da horietako bat. Eraldaketa bikoitza proposatzen du proiektuak: barrutik, edukia memoria ariketa bat egiteko baliatuz, eta kanpotik, “handitasuna” kendu eta “hiriak eraikina mendera dezan”.

Azken urteotan guztion ahotan eta guztion begi bistan izan dugu Erorien Monumentua. Zer egin bertan? Eraitsi, mantendu, eraldatu, adieraberritu… Orain, eraikinaren etorkizunari buruzko erabakia hartu ondoren, eta Iruñeko Udalak hala eskatuta, XX. mendeko diktaduretako jazarpen biolentoei, hilketei eta errepresioari buruzko historian eta memorian diharduten ikerlariz osatutako batzordea osatu, eta hari eskatu dio eraikinaren eraldaketari buruzko txosten bat egitea.

Munduko hainbat tokiko esperientzietatik baliatu dira txostena osatzeko. Memoria historikoaren, unibertsitatearen, ondarearen eta arkitekturaren esparruko hamalau profesionalek osatu dute txostena. Tartean, Fernan Mendiola; Metropoli Foralean izan dugu.

“Oro har, pozik gaude egindako lanarekin eta lantaldearen parte hartzearekin, prozesu polita izan da”, aitortu du Mendiolak. Lantaldearen bi ekarpen nagusi azpimarratu ditu, “badakite gero praktikan zer arazo sortzen diren eta horregatik egituratzearen garrantzia, eta bestetik, Nafarroako errealitateari kanpotik begiratzea, zirkulu txikitik ateratzea zabaltzen diren aukerak ikusteko”.

‘Perpetratzaileen monumentutik Museo Memorialera’ du izena txostenak. Beraz ondorioa edo emaitza izenak berak dio: Museo Memorial batean eraldatzeko ideia da. Hala ere, Mendiolak aitortu du izenburuaren bi parteak direla garrantzitsu. “Hau da borreroak goraipatzeko tokia”, eta toki gutxi daude horren esplizituak direnak. Perpetratzaileen memoria ulertzeko eta salatzeko aukera ematen du Museo Memorialak. “Museo Memorialen sarearen parte izateak ezaugarri batzuk betetzea suposatzen du, zentroaren independentzia eta bideragarritasuna sostengatzeko lagungarria da”, azaldu du.

Ez da bide erraza izan. Berezitasun eta zailtasun propioak ditu proiektuak. Txostenean aipatzen dute horietako bat: “Iraganeko egitasmoak gehienbat sufrimendu eta errepresio gune izandakoetan gauzatu dira, eta, ondorioz, errepresio mota desberdinen biktimak izan dituzte ardatz. Erorien Monumentua deitua bestelako helburu batekin eraiki zuten”. “Menperakuntza ariketa bat da eraikina”, gorroto helburuz egindakoa, gaineratu du historialariak.Errepresioa eta estatu kolpea

azaltzeko aukeratzat baliatzeko bidea dela iruditzen zaio Mendiolari. “Frankismoak hasieratik sortu zuen bere memoria propioa, berehala sortu zuen erorien kontzeptua”, hemengo adibidea muturrekoa da, baina “heriotzaren erabilpen politikoa” frankismoak ezarritako ezaugarri amankomuna da. Hausnarketa honek balio du aldi berean ezagutzeko “nortzuk joan ziren halabeharrez, nortzuk eraman zituzten heriotzari.
  
Eraikinak konspirazioko estatu nagusiaren buru zen Emilio Mola jeneralaren aurreikuspenen arabera kolpistek egindako hilketen eta jazarpenaren aldarri egiten du. Indarkeria eta botere ariketa bat da eraikina bera “eraikina bada hiriaren gainean egiten den botere ariketa bat, eta botere gune hori kokatzen da hain zuzen ere, botere ekonomikoa dagoen gune berean”, azaldu du Mendiolak.
Erorien Monumentuaren kokapenak berak “frankismo garaian klase harremanak oso modu bisualean ulertzeko” baliagarria da. Eraikina diru publikoarekin egin zen, mozketak egin ziren momentu batean, gerra ostean.

Kupula, handitasunaren ikur

Erorien Monumentuak barruan hartzen duenaz aparte, egun, begi bistara dauden elementuak eraldatzeko proposamena ere egiten du txostenak. Mendiolak azaldu duenez bi gauza dira kontuan hartzekoak: zertarako eraldatu eta nola. “Hamarkadetan zehar eraikinak hiria menperatu du eta helburua da hiriak eraikina menperatzea”, hori lortzean, nola erabiliko den aztertuko da: “memoria antifaxista bat garatzeko balio du”.

Hezkuntza, memoria ariketa

Edukiarekin zer egin argiturik, nola egin pedagogia? Nola zabaldu? Txostenean “argi geratzen da denak lotura izan behar duela eta Nafarroan martxan dagoen ‘Memoria duten Eskolak’ programa da horretarako bidea”, adituen ustez.

Hala ere, hori hurrengo urratsa izanen da eta proiektu museologiko baten eskutik iritsiko da. Erabili beharreko lengoaia, euskarriak, testuak, ikus-entzunezkoak edota baliabideak zehaztuko dira fase horretan.

Adituen batzordea

  •  Miguel Angel del Arco Blanco: Historia Garaikidean katedraduna Granadako Unibertsitatean. 1936ko monumentu frankistei buruzko zenbait lanen egilea.
  • Christian Dürr: Mauthausen Memorial zentroko zaintzailea eta Austriako Mauthausengo eta Gusengo zentroetako erakusketen alorreko zuzendaria.
  • Matilde Eiroa San Francisco: HISMEDI Historia, Memoria eta Gizarte Digitala proiektuko zuzendaria. Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko akademikoa.
  • Lourenzo Fernandez Prieto: Historia Garaikidean katedraduna Compostelako Unibertsitatean. CENOMI biktimen errolda proiektuaren zuzendaria.
  • Fernanda Garcia Iribarren: Txileko Santiagoko Memoria eta Giza Eskubideen Museoko zuzendaria.
  • Jose Miguel Gaston Aguas: Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria eta Historian doktorea.
  • Jordi Guixé Coromines: EUROM Europako Oroimenaren Behatokiko zuzendaria. Historian doktorea eta irakaslea Bartzelonako Unibertsitatean.
  • Nora Hochbaum: Estatu Terrorismoaren Biktimen Monumentuaren eta Memoriaren Parkearen zuzendaria Buenos Airesen. Irakaslea Argentinako San Andresko Unibertsitatean.
  • Asun Larreta Aiesa: Frankismoan errepresaliatutako familia bateko kidea eta memoria historikoaren aldeko ekintzailea.
  • Cesar Layana Ilundain: Nafarroako Memoriaren Institutuko Dokumentazio alorreko sekzioburua. Historian doktorea eta irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
  • Emilio Majuelo Gil: Nafarroako Oroimen Historikoko Funts Dokumentalaren zuzendari ohia. Historia Garaikideko irakasle emeritua NUPen.
  • Fernando Mendiola Gonzalo: Nafarroako Oroimen Historikoko Funts Dokumentalaren zuzendaria. Historia Garaikideko irakaslea NUPen.
  • Iratxe Momoitio Astorkia: Gernikako Bakearen Museoko zuzendaria. Museologoa eta Filosofia eta Letretan lizentziaduna.
  • Nuria Ricart Ulldemolins: Irakasle agregatua Bartzelonako Unibertsitatean. Hiri Birgaitzean eta Espazio Publikoan doktorea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!