Garazi Goldarazena (itzultzailea): “Iruditu zitzaigun tradizio marxistako testuak euskaratzea beharrezkoa dela”

Euskalerria Irratia 2025eko irailaren 30a

Katakrak argitaletxeak Paul Mattick pentsalari marxista eta militante komunistaren bi testu euskaratu ditu. Proiektu honek krisiaren eta bizi garen gizartearen hausnarketa modu kolektiboan lantzeko asmoa du

Marx eta Keynes (1955) eta Ekonomia mistoaren krisia (1974) izan dira Katakrak argitaletxeak euskaratu dituen Paul Matticken bi testuak. Bi idatzietan, ikuspegi marxista batetik aztertzen ditu krisiak eta ekonomia, eta, bide honetatik, kritika egiten dio John Maynard Keynesen pentsamenduari.

Garazi Goldarazenak euskaratu ditu testuak. Bere lehenengo itzulpen-lana izan da eta aurreikuspen gutxi batzuk egin bazituen ere, prozesua oso bestelakoa izan dela aitortu digu: "Itzulpen honetara jauzi egin nuen tranpolin batetik piszinara salto egiten duzun bezala. Prozesuan aurrera egin ahala konturatu nintzen proiektuak dituen inplikazioetaz. Hasieratik hor zeuden baina prozesuan zehar kontzientzia handiagoa izan dut."

Mattickek egin zuen analisiak irudikatzen du berak bizi izan zuen garaiko egoera; 29ko krack-aren ostean Estatu Batuetan bizi izandakoa, gerra osteko garaiak eta horrek nola eraman zuen krisiaren inguruan hausnartzera. Hala ere, gaur egun bizi dugun krisia bestelakoa izan arren, badaude antzekotasunak eta beharrezkoa ikusten zuten euskarara ekartzea. "Uste dugu egokiak direla gaur egungo krisialdiak ulertzeko. Gaur egungo egoera gogorra da eta ezinbestekoa da krisiaren irakurketa egoki bat egitea."

Itzulpen prozesua momentu batzuetan zaila izan dela aipatu digu Goldarazenak tradizio marxista eta ekonomiatik ez daudelako euskarazko testu asko. Hala ere, nabarmendu nahi izan du berarentzat funtsezkoa izan dela testu originalarekiko fideltasuna mantentzea: "Testu tekniko eta analitiko bati buruz ari garenez fidel izaten saiatu naiz. Horrelakoetan zehaztasun falta irakurketa anbiguoa ekar dezake eta ardura hori beti presente izan dut."

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!