Hunkituta jaitsi da kalera Ana Belen, bertan bildutako gazteei bere esker ona adieraztera. Goiz gogorra bizi izan du. Gaur zeukan etxegabetze agindua, goizeko bederatzietarako zegoen aurreikusia. Goizeko 7.30etatik hamaika gazte bildu dira San Lorentzo karrikaren 17. Atariaren inguruan. Giroa lasaia zen, goizeko zortzietan, Espainiako Polizia azaldu den arte. Kale nagusitik gerturatu dira lau furgonetetan eta istiluen kontrako kasko, ezkutu eta borrak jantzita. San Lorentzon zegoen talde handia ikusita atzera egin dute. Gazteek “Etxegabetzea gelditu!” oihuekin erantzun diote poliziaren agerraldiari. Tentsioa nagusi izan da ordutik aurrera, bertaratutako etxe jabearen abokatu, ordezkari judizial eta Ana Belen, maizterraren abokatuen artean. Hasiera batean, etxegabetzearekin aurrera jarraitu nahi zuten arren, segurtasun baldintzak ematen ez zirela eta, azkenean etxegabetzea, behin behinean, bertan behera geratzea erabaki dute.
“Mobilizazioaren fruitua izan da gaur etxegabetzea atzeratzea” adierazi du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide Iker Narbonak, “Gu hemen izan ez bagina, Ana Belen kale gorrian geratuko litzateke gaur bertan”. Narbonak auziaren larritasuna azaldu du, “Duela hamar urte bizi da Ana Belen etxe honetan alokatuta, eta orain pisu jabeak ez dio kontratutik berritu nahi. Minbizia duela, kalean utzi nahi du” salatu du, “Etxe honetako jabea, bloke osoaren jabea da, etxejabe handia beraz, Iruñea osoan gutxienez hamar jabetza dituenak eta ikusten dugu nola emakume bat etxetik bota nahi duten etxejabe handi hauen negozio interesen mesederako”.
Atzerapena lortuta, Etxebizitza Sindikatuak irtenbide bila jarraituko du Ana Belenendako, bai etxean bertan geratzeko aukerak aztertuz bai bestelako konponbideak planteatuz. Hala ere, etxegabetzea ekiditeko egin daitezkeen hurrengo deialdiei adi egotera dei egin dute.