Bizkaia, 1935. Denborale gogor baten ondorioz, ikatz-tonaz beteriko itsasontzi ingeles batek hondoa jo du. Gauez, Algortako bizilagunak itsasertzean pilatzen dira urre beltza eskuratzeko. Jauregi familiaren baserria eta kostalde artean garatzen den kontakizuna da, Ramiro Pinilla idazleak 1960. urtean idatzitako Las ciegas hormigas eleberriaren pantailarako moldaketa da hain zuzen ere Igor Legarretak sortu duena.
“Erabaki genuen euskaraz egitea eta bizkaieraren kolore txiki hori ematea”, azaldu du Igor Legarreta zine zuzendariak. Andoni De Carlosekin batera ondu du gidoia eta euskaratu du eleberria. Hasieratik haien buruei jarritako erronka izan da filma euskaraz egitea.
"Niretzako erronka bat izan da batuaz hitz egiten dudalako" azaldu du Elena Urizek. Memoria lantzeko ariketa ere izan da Urizentzat, batez ere "otoiak ikastea". Legarretarentzat antzekoa izan da. Eleberria gaztelaniaz idatzita dagoen arren, "pertsonaiak euskaldunak dira, Jauregitarrak Algortako familia euskalduna dira".