Irakurzaletasuna gazte-gaztetatik bultzatu behar da. Eskola eta institutuetan etengabean ari dira liburu bat irakurtzearen plazera gomendatzen ikasleei. Biurdana Institutuaren kasuan, urtero irakurketa publiko bat antolatzen dute liburuaren egunaren bueltan, 2000. urtea ezkero.
Harkaitz Cano idazle lasartearraren eleberriak izanen dira aurtengo Euskal Liburuaren Irakurketa Publikoan irakurriko direnak. Aurten irakurketa ez baita eleberri bakarrera mugatuko. Goizeko 8:30etik hasi eta 14:00etara, liburuen atalak irakurriko dira Biurdana Institutuan. Baina ez hori bakarrik, izan ere gazteek idazlearekin bildu eta galderak egiteko tartea ere izanen dute, Amaia Riesko ikastetxeko zuzendariak adierazi bezala, "festa bat izanen da, literaturaren festa bat". Aurten bere 24. edizioa izanen duen ekimenaren helburua argia da: "Ikasleen artean literatur zaletasuna sustatzea eta gazteei erreferente berriak edukitzeko aukera eskaintzea".
Bestalde, Literatura unibertsala euskaraz. Bi itzultzailerekin solasean izenburupeko saioa antolatu dute Harkaitz Cano eta Isabel Etxeberriarekin eta Inma Errearen gidaritzapean. 18.30ean izango da San Frantzisko liburutegian. Hau ere Biurdana Institutuak, Nafar Ateneoak eta Iruñeko Udalak antolatuta. Ekitaldiak irekiak izango dira, bertaratu nahi duen orori zuzenduak.
Irrintzi Plaza saioan Amaia Riesko, Biurdanako Institutuko zuzendariarekin mintzatu gara aurtengo irakurketa publikoaren inguruan.