Irati Zurbano (historialaria): "Sorgin-ehiza herria dizplinatzeko modu bat izan zen"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko api. 2a, 18:42

Klandestinak zikloaren seigarren saioak sorginak izanen ditu protagonista ostiralean Iruñean. Historialariaren hitzaldiaren ondotik, Titiricantum konpainiak 'Ikimilik' obra oholtzaratuko du

Klandestinaken hurrengo saioak sorginak izanen ditu gogoan.  Apirilaren 4ean, ostiralean, arratsaldeko 19:00etan hasiko da Irati Zurbano historialariak Takonerako San Nikolas atearen alboan emanen duen hitzaldia, eta ondoren Titiricantum konpainiak Ikimilik obra oholtzaratuko du Antartika Kultur Containerren kale nagusiko egoitzan. Historialariaren aburuz, sorgin-ehiza herria diziplinatzeko moduetako bat izan zen, estatu absolutistak eratzen hasi ziren unean. 

Iruñean kasu asko egon ez ziren arren, hainbat prozesu burutu ziren bertako auzitegietan. "Bi fede-auto Takoneran bertan egin ziren. Horietaz gain, exekuzio batzuk ere bertan gertatu ziren. Iruñeko tribunaletan, bestalde, sorginkeriaz akusatutako jendea torturatua izaten zen". Indarkeriaren biktimak %80an emakumeak eta haurrak izan zirela nabarmendu du historialariak, halaber. "Zigorrak oso bortitzak izaten ziren, ez dugu irudikatu ere egiten. Aitortzak lortzeko moduak ziren, zigorrak baino gehiago. Pertsona asko hiltzen ziren prozesu horietan, eta ez ziren fede-autoetara bizirik iristen, kartzeletan hiltzen ziren".

Zurbaranek dioenez, gaur egun zaila egiten zaigu "orduko gizartea eta orduko kartzelak irudikatzea". Hala ere, sorginkeriarekin gertatutako gogoratu beharreko zerbait dela iritzi dio, "horren beharra eta interesa badagoelako".

Isilarazia izan den emakumeen historia berreskuratzea eta ezagutzera ematea da, hain zuzen ere, Klandestinak egitasmoaren helburua, Iruñeko lau mikrogunek, Katakrakek, Antartikak, Teatrolarik eta Geltokik, elkarlanean antolatzen dutena Amaia Nausia historialariaren gidaritzapean. Ekainaren 6ra bitartean lau saio gehiago emanen dira: langileak, neskameak, artistak eta emaginak. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!