Patxi Bisquert: "Pello Mari Otaño ahanzturan utzi dugun erreferente kultural bat da"

Miren Mindegia Petrirena 2025ko api. 1a, 19:57

'Ombuaren itzala', olerkari eta bertsolari zizurkildarraren bizitza kontatzen duen filma zuzendu du Bisquertek. Apirilaren 2an emanen da Geltokin, 18:30ean

Patxi Bisquertek zuzendutako Pello Mari Otaño bertsolari eta olerkariaren inguruko Ombuaren itzala biopic-a apirilaren 2an, asteazkenean, estreinatuko da Iruñean. Geltokin izanen da emanaldia, arratsaldeko 18:30ean, eta bertan egonen da zuzendaria bera. Bisquerten hitzetan, euskal kulturaren erreferente handienetako bat izanagatik ahanzturaren zuloan eroritako pertsonaia izan da Otaño: “Bertsogintzan aitzindaria izan zen, bertsoa paperera eraman zuen lehenengoa. Baina ez hori bakarrik. Erreferente kultural bat izan zen XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako Euskal Herrian. Eta horrelako gizon bat ahanzturan uztea tristea bakarrik ez, errudun sentitzeko modukoa ere bada”. 

Jaiotzez zizurkildarra, Euskal Herria eta Argentina artean eman zuen bere bizitza Otañok. Hala, Atlantikoaren bi aldetan grabatu da filma ere. Otañoren azalean Joseba Usabiaga aritu da, eta Sara Cozarrek egin du haren emaztearen papera. Ramon Agirre, Maia O’Briene, Iñaki Beraetxe, Klara Badiola, Hodei Arrastoa eta Asier Sota daude, besteak beste, filmean parte hartu duten aktoreen artean; baita Anjel Mari Peñagarikano eta Oihana Iguaran bertsolariak ere. 

Urte luzez ekoiztetxez ekoiztetxe ate joka ibili ondoren, Bisquertek proiektua auzolan erraldoi baten bitartez finantzatzeko hautua egin zuen. Jendeak erakutsitako babesa “izugarria” izan dela nabarmendu du, propiektua babesteko 30.000 sarrera saldu baititu crowfunding sistemaren bitartez. Filmaren aurkezpen bira, hala, zirkuitu komertzialetik kanpo eginen da lehenengo, tokian tokiko emanaldiekin, eta udazkenean abiatuko du zinema aretoetako bidea, Donostiako Zinemaldiaren ondoren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!